Elhuyar Zientzia Azokaren aurtengo edizioak ateak ireki ditu asteazken honetan Bilboko Areatzan, eta 70 ikastetxetako 800 gazte bilduko ditu igandera arte, ikasturtean zehar egin dituzten 200 STEAM proiektuak erakus ditzaten, antolakuntzak jakitera eman duenez.

Irekiera ofizialean egon dira ekimena laguntzen duten euskal zientzia eta teknologia sareko eragileak eta babesleak, besteak beste, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, Begoña Pedrosa Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuordea, Marie Heguy-Urain Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko teknikari eta proiektu deialdien kudeatzailea, Isabel Sarrionandia Bizkaiko Aldundiko Enpresak Sustatzeko zerbitzuburua, Marta Camacho Teleco Renta-ko koordinatzailea, Eneko Elorriaga Erabi-ko Berrikuntzako zuzendari eta sortzaileetako bat eta Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Asteazken honetan, Batxilergoko 29 proiektu eta DBHko 21 egongo dira ikusgai; ostegunean, maiatzaren 23an, Batxilergoko zazpi proiektu eta DBHko 47; ostiralean, hilaren 24an, Batxilergoko sei eta DBHko 46; larunbatean, maiatzaren 25ean, Batxilergoko sei eta DBHko 37.

Guztira, 800 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan, eta, Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira, hala nola Vila-real, Espinosa de los Monteros, Poio, A Coruña, Lliçà de Vall, Milan eta Portotik etorritako beste 11 talde.

Ikertzaileak ere izango dira Areatzan, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari banaketa larunbatean egingo da, 13:00etan. Azokan zehar saritutakoak bilduko dira ekitaldian, eta agintariek eta zenbait erakundetako ordezkariek banatuko dituzte sariak: ikasketa bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak. Aurkezle lanetan, Eleder magoa eta María Redondo Mugica aktorea arituko dira. Horrez gain, egunero, kolaboratzaile diren ikerketa zentroetan egiteko egonaldiak zozkatuko dira.

Ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute Elhuyar Zientzia Azokan, eta antolatzaileek proiektuarekiko urtero erakusten duten konpromisoa nabarmendu dute: ikasturte hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 104 ikertzailek eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile lanak egiteko (haietako 65 emakumeak).