Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astelehen honetan, maiatzaren 20an, ezegonkortasunak jarraipena izango du. Goizaldean Kantauri isurialdean zaparrada trumoitsuak eta zenbait lekutan handiak botako ditu, batez ere kostaldean eta inguruko eremuetan. Goizak aurrera egin ahala giroak lasaitzera egingo du, baina arratsaldean zaparradak ugaritu eta edozein lekutan izan daitezke.
Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean biziago. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta giro freskoak jarraipena izango du. Hiriburuetan, Baionan 13 gradu espero dira gutxienez eta 17 gehienez, Bilbon 13 gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 12 gutxienez eta 16 gehienez, Gasteizen 8 gutxienez eta 16 gehienez, eta Iruñean 8 gutxienez eta 18 gehienez.
Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta itsaskirria eta itsaskia eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Goizaldean trumoi-ekaitzak izan daitezke. Itsasgorak 03:28an eta 15:49an izango dira, eta itsasbehereak 09:36an eta 21:50ean. Uraren tenperatura 15 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.
"Goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira eta Arabako zenbait tokitan iraunkorrak izan daitezke. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da; Kantauri isurialdean behe-hodeien tarte hodeitsu batzuk agertuko dira, bereziki kostaldean eta egunaren bigarren partean. Arratsaldean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituz joango dira. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; egunaren erdialdeko orduetan mendebal/ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da kostaldean. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira kostaldeko zenbait puntutan".