Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritza une honetan "zorroztasunez" eta "zehaztasun handiz" aztertzen ari da Bizkaiko kostaldean agertutako materiala, pellet-isukerten arrastoak diren edo ez ziurtatzeko eta Galiziako laginekin alderatzeko.

Tapiak azpimarratu du une honetan aukera guztiak zabalik daudela eta gaur arte ez dela jasotako materialaren izaerari buruzko datu zehatzik izango. "Material hori -adierazi du sailburuak- oso dentsitate txikikoa da, erraz arrastatzeko modukoa, eta, beraz, pelletak izan daitezke edo ez. Zuhurtziaz eta zorroztasun osoz jokatu behar dugu".

"Jasotako laginak Muskiz ingurukoak dira. Ezin dugu esan Portugalgo istripuaren ondoriozko materiala denik, ezta kontrakoa ere. Zuhurrak izango gara, eta bihar eskura ditugun datuak zehaztasun osoz emango ditugu. Orain arte hautemandakoa ez da kantitate handia, baina istripu eta isurketa garrantzitsua izan zenez, aurreikus daiteke kantitate handiagoak iritsiko direla; prest egon behar dugu. Itsasoan bertan eskuhartzen saiatuko gara, eta plastikoak lehorrera iritsiko balira, garbiketa lanak jarriko dira martxan", azaldu du Tapiak.

Analisia

"Era berean, garrantzitsua da egiten ari garen analisi zehatzaren garapena, jakin dezagun zein motako plastikoa den, zein toxikotasun-maila duen..., baita plastikoak itsasoan eragingo duen kaltea ere. Plastikoen toxikotasun-maila ezagutzea ezinbestekoa da, hondakin horren bilketaz arduratuko diren pertsonak beharrezko materialarekin hornitzeko, profesionalak zein boluntarioak izan. Zorroztasunez jardun behar dugu beraz une honetan" adierazi du Tapiak.  

Sailburuak esan duenez, "gure zentro teknologikoek duten teknologia guztia baliatzen ari gara, bai itsas korronteei dagokienez, bai materialen tratamenduari eta irudien simulazioari dagokienez, ondo prestatuta egon gaitezen eta egoerari aurre egiteko bitarteko guztiak prest izan ditzagun".  

Eusko Jaurlaritzak kostaldea babesteko zaintza-lanetan jarraitzen du, erakunde eta organismo ezberdinekin era koordinatuan lan eginez. Tapiak adierazi du gaur eguerdian ikuskaritza-itsasontzia bat aterako dela Muskiz inguru horretara ikuskatzeko ea hondakin mikroplastikorik ba ote dagoen. Egoeraren jarraipen estua egingo pellet-isurketaren eragina gure kostaldean aztertzeko.

Itsasoan jarduteko beharrezko tresna guztiak dituen itsasontzia ere prestatzen ari direla Santurtzin azaldu du Tapiak. Batetik, xurgatze lanak egiteko makina batekin eta bestetik, AZTIk garatutako sare oso berezi eta txikiarekin, beharrezkoa balitz, mikroplastiko horiek jaso ahal izateko.

Hautemateko zaila den materiala dela azpimarratu du sailburuak, “baina eskuhartzerako beharrezkoak diren tresna guztiak izango ditugu” baieztatu du Tapiak “Aldundiekin koordinatuta, beraiek baitute lehorrean jarduteko ardura” azaldu du.

Eusko Jaurlaritzak atzo aktibatu zuen Larrialdi Plana eta bihar batzartuko da Aholku Batzordea, Josu Erkoreka lehendakariordeak deituta. Izan ere, “prest egon behar dugu guztirako, litekeena baita pellet-isurketa gurera iristea eta itsas kutsadura baten aurrean egotea, beraz, prest egon behar dugu ondorioak ahalik eta itxikienak izan daitezen” esan du Tapiak.