Asteon argitaratu da ALHAOn gazteentzako aisialdiko 2024ko urteko jarduera programetarako dirulaguntza deialdia. Ana del Val foru diputatuak zuzentzen duen Gazteriaren Foru Erakundeak antolatzen du deialdi hori, eta 150.000 euroko zenbatekoa izango du.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Arabako Foru Aldundiatik azpimarratu zutenez deialdi honek badu helburu zehatza: haurrei aisialdiko jarduera jarraituak egiten laguntzea.
Zehazki, Arabako Foru Aldundiaren hitzetan, "deialdiaren xedea da 2023/2024 ikasturtean zehar haurrei eta gazteei zuzendutako eta gazteen elkarte edo erakundeek edo aisialdikoek sustatutako aisialdiko jarduera jarraituak egiten laguntzea", azpimarratu zuten.
Jarduerei dagokionez, astialdian egingo dira, hau da, "aisialdian, berdintasunaren, elkartasunaren eta tolerantziaren balioak sustatzen diren hezkuntza espazio gisa hartuta. Era berean, monitore talde egokia izan beharko dute aipatutako jarduerak garatzeko", azaldu zutenez.
Hauexek izango dira onuradunak: Arabako Lurralde Historikoko edo Trebiñuko enklabeko gazte elkarteak, aisialdiko elkarteak edo aurrekoak koordinatzen dituzten federazioak, erregelamenduz eratuak eta irabazteko xederik gabeak.
Hauexek diruz lagundu ahalko dira: jarduera programak, zeinak jarraian egingo baitira gutxienez bost hilabetez eta hamabostean behin. Parte hartzaileen adina 7 urtetik gorakoa izan beharko da.
Erakundeek 2024ko otsailaren 5era arte izango dute laguntza hori eskatzeko, eta urriaren 4ra arte justifikatu ahal izango dute.