Izena emateko epea aste honen hasieran ireki da lehentasuna duten ikastetxeentzat, ostegunean gainerako ikastetxeentzat eta hilaren 21etik aurrera ikastetxeak ez diren kolektiboentzat.

Hala,  ikasturte berriarekin batera itzuliko da Gasteiz Hiri Hezitzailea, 2023-2024 ikasturterako udaleko hezkuntza-jardueren eskaintzarekin.

Zehazki, 230 jarduera prestatu dira, horietatik 29 berriak. Hauek dira eskaintza berrietako batzuk: Txiki-autoestimua; Zertan dabiltza nire seme-alabak Interneten?; Lehen mugikorraren erronka; Haurrek frustratu beharra ere badute; Familian sexualitateaz hitz egitea; Sexu Hezkuntzaren arloan irakasleei laguntzeko eta aholkuak emateko zerbitzua; Belaunaldien artekoa: haur bat argazki bakoitzaren atzean; Ziberforuma: begirada berriak kulturarteko gizarte baterako; Autismoaren gaineko prestakuntza eta sentsibilizazioa; Interpretazio zinematografikoko tailerra; Ba al dakizu zer jaten duzun? Eskura duzu aukerarik osasungarriena!…

Jarduerak gai hauen arabera banatzen dira: Ingurumena eta Klimaren aldeko ekintza, Hiria ezagutzea, Euskararen erabilera sustatzea, Arte eta ikus-entzunezko hezkuntza, Gorputz-hezkuntza eta kirola, Osasunerako hezkuntza, Herritarren parte-hartzea sustatzea, Bizikidetza eta aniztasuna, Babesa eta segurtasuna, Genero-berdintasunerako hezkuntza eta Gaitasun pertsonaletarako hezkuntza.

“Apustu sendoa egiten dugu Gasteiz Hiri Hezitzailea programaren alde. Hori dela eta, jarduera berriak gehitzen ditugu urtero. Aurten ahalegin berezia egin dugu, eta 29 proposamen lehen aldiz jarriko dira martxan; hortaz, iaz baino 15 gehiago dira proposamen berriak. Gainera, bereziki indartu ditugu Genero-berdintasunerako hezkuntza eta Gaitasun pertsonaletarako hezkuntza gaiekin lotutako jarduerak. Izan ere, bi gai horiek funtsezkoak dira hiria eta bertako gizartea garatzeko”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Honakoei zuzenduta daude jarduerak: ikastetxeetako taldeak (Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleak, Lanbide Heziketako ikasleak, irakasleak eta Helduen Hezkuntzako ikasleak), hiritarrak oro har, gurasoen taldeak eta beste kolektibo batzuk, hala nola elkarteak, hezkuntza ez formaleko taldeak, euskaltegiak, zentro okupazionalak, BIZAN, herri-kulturako zentroak…

Udaleko 27 sail eta zerbitzuren elkarlanari esker atera da eskaintza hau aurrera, Hezkuntza Zerbitzuak koordinatuta. Herritarren beharrak aintzat hartuta, hezteko helburua duten jarduerak proposatzen dira, hezkuntza formalaren eta ez formalaren baitan. Gainera, hiriko hainbat erakunde eta elkarteren parte-hartzea eta laguntza ditu egitasmoak.

Online izen-ematea

Jarduera hauetan parte hartzeko izena eman behar da udal-webgunearen bidez, honako egunetan:

  • Lehentasuna duten ikastetxeak: gaurtik, irailaren 4tik, aurrera.
  • Ikastetxeen izen-emate orokorra: irailaren 7tik 20ra.
  • Ikastetxeak ez diren kolektiboak: irailaren 21etik aurrera, plazarik balego.

Hezkuntza Zerbitzua arduratuko da ikasturtearen hasieran ikastetxeei lehentasun maila esleitzeaz eta komunikatzeaz, horien gizarte eta hezkuntza arloko errealitatea aintzat hartuta.

Balioak dituen programa

Udalak 25 urte baino gehiago daramatza hiritarrei jarduera sorta zabala eskaintzen eta, bereziki, ikastetxeei. Gasteiztarren hezkuntza-esperientzia aberastea, desberdintasunen gainean lan eginez kohesio soziala hobetzea eta hiriko ikasle eta ikastetxeen artean aukera-berdintasun handiagoa lortzen laguntzea dira egitasmo honen helburuak.

Hezkuntza arloko helburu jakinak lortzen lagundu nahi dute Gasteiz Hiri Hezitzailea proiektuaren baitako jarduerek. Hori dela eta, eskaintza honen bidez bultzatu nahi diren balioak definitu dira: bizi-kalitatea, gizatasuna, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, nortasuna, genero-berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta jasangarritasuna. Jarduera bakoitza hiru baliorekin lotuta dago.