2030. urterako nekazaritzan erabiltzen diren pestiziden % 50 murrizteko helburua jarria du Europako Batzordeak. “Jakina da, bestalde, mahastizaintzan bereziki ugariak direla halako produktuak, ohikoak direlako askotariko organismoen infekzioak, hala nola mildiua eta oidioa, biak ala biak onddoek eragindakoak. Hain zuzen, bi onddo horien kontrako alternatiba estrategiko eta ekologiko bat bilatzeko asmoz, Seawines proiektua abiatu genuen orain dela urtebete pasa”, azpimarratu du Iratxe Zarraonaindia Martinez UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ikerbasque ikertzaileak.
Horrela, Mahastizaintzan oso ohikoak diren tratamendu kimikoak murrizteko edo ordezkatzeko balio lezaketen estrategia ekologikoen bila, alga inbaditzaile batek mahatsondoen defentsa-mekanismoak nabarmen aktibatzen eta indartzen dituela frogatu dute UPV/EHU eta Ifapa institutua buru dituen Seawines proiektuan. Ikerketa gehiago behar badira ere ikusitakoa landa-eremuan berresteko, ikertzaileak baikor agertu dira alga horren estraktuak izan dezakeen etorkizunarekin.
Itsasoko makroalgak erabiltzea da proiektuaren asmoa. Azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen dira algak nekazaritzan, frogatu baita hainbat alderditan eragiten dietela onura laboreei, hala nola haziak ernetzen, landareen hazkuntza eta osasuna areagotzen, eta ura eta elikagaiak xurgatzen hobetzen. Seawinesen, bi algaren eragin bioestimulatzaile eta fungizida aztertzen ari dira: Ulva ohnoi, zeinaren onddoen kontrako potentziala dagoeneko ezaguna den, eta Asiatik etorri eta Mediterraneoaren itsasertzean izugarri zabaldu den Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailea.
Azkeneko horren “eragin babesleari buruz ez da azterketarik egin orain arte, baina ikerketa asko daude martxan alga horren erabilerak edo aplikazioak bilatzeko. Izan ere, ehunka tona alga erauzten dira Mediterraneotik urtero, eta oso interesgarria litzateke hori guztia nolabait baliaraztea”, azaldu zuen.
“Gure apustua izan da begiratzea alga horien estraktu batzuek zer gaitasun duten landareen defentsa-mekanismoak aktibatzeko, pestiziden alternatiba gisa, onddo patogenoa datorrenean, landarea indartsuago egoteko”, zehaztu zuen Zarraonaindiak. Lehendabizi, negutegietan eta kondizio kontrolatuetan egin zuten azterketa.