Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Administrazio Kontseiluak Begira etxeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onetsi du. Zerbitzu hori gaixotasun mental eta adimen desgaitasun arinaren diagnostiko bikoitza duten pertsonentzako egoitza baliabide bat da. Kontratazio berri horri esker, baliabidearen edukiera handitu ahal izango da, eta egungo hiru plazetatik sei izatera igaroko da.

Begira etxearen helburu nagusia da egoitza baliabide bat eskaintzea, pertsonek etxe gisa identifika dezaten, eta, aldi berean, bizitza oso eta autonomoa izateko beharrezkoak diren trebetasunak garatu ditzaten. 

Baliabide horren helburuetako batzuk honako hauek dira: "etxebizitzan ostatu hartzen duten pertsonen ongizate fisikoa eta emozionala hobetzea, haien autonomia pertsonalari eustea eta, ahal den neurrian, hura garatzea eta narriatzea saihestea. Era berean, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko pertsonen zaintza eta laguntza bermatu nahi ditu, bai eta bizitza autonomoago batera bideratutako garapen pertsonala, gaitasunak, trebetasunak eta esperientziak sustatu ere", Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez.

Begira etxeak "elkartasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako bizikidetza sustatzeko ere lan egiten du", baita haien "segurtasun sentimendua" bultzatzeko eta "ingurune komunitarioan integratzeko" eta parte hartzeko aukerak eskaintzeko ere; horrez gain, familia eta gizarte sareak mantentzea eta indartzea ere sustatzen du.

Edukiera sei plazara zabaltzea aurreikusten da, datorren irailean hasteko asmoarekin. Lizitazio aurrekontua 633.435,31 euro da.