Pporretatik lanera itzultzean ordenagailuak ongietorririk handiena egiten dizu. Ia hilabetez etzaulkian eta eguzkitako baten azpian egon ostean, zure pasahitza gogoratzeko eskatu ez ezik, hura enegarren aldiz berritzea ere eskatzen dizu, segurtasun arrazoiak tarteko. Gainkontrolatuta ez bageunde bezala. Beraz, ariketa neketsua bazen pasahitza gogoratzea, oraingoan beste bat asmatu behar duzu. Eta ez dakizu ezta zer jarri ere, hainbeste aldiz aldatu duzulako, zure burmuinari ez baitzaio geratzen konbinaziorik. Puntu honetara iritsita, praktikara jotzea erabakitzen duzu eta aurrekoarekin probatu, baina ez da erraza: Mende bat kostatu zaizu gogoratzea, baina ordenagailuak gordeta dauka eta ez dio balio. Eta orduan lehen zeneukana luzatzen duzu, baina ondo pentsatuz gero, atzera egiten duzu, benetako odisea izan baitaiteke goizero gogoratzea. Eta horrela, aurrekoen antza duen pasahitza aurkitu arte, baina inoiz ez da berdina eta, beraz, beste bat gehiago gordetzeko. Orduan, konturatzen zara antzeko ehunka pasahitz dituzula buruan: lanekoa, mugikorrarena, ordenagailuarena, bankuarena, eskolarena... Eta horrela joaten zaigu bizitza XXI. mende aurreratu honetan: pasahitzak gogoratzen saiatuz, pasahitz okerrak sartuz eta behin eta berriz berrezarriz. Zelako tristura....