Sabino Arana Fundazioak gogoeta egiteko eta eztabaida lantzeko jardunaldia antolatu du Bilboko egoitzan ostiralean, maiatzaren 10ean, Nola jardun lankidetzan krisian dagoen mundu batean? Jasangarritasuna, bideragarritasuna eta gobernantza globala sustatzeko gakoak izenburupean, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) agentzietako ordezkarien, arlo humanitarioan jarduten duten GKEen edota unibertsitateko irakasleen parte hartzearekin.

Mundu osoko 22 pertsonatik batek laguntza humanitarioa behar du

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mundu osoko 22 pertsonatik batek laguntza humanitarioa behar du, eta, NBEren arabera, historia modernoko elikadura krisi global larriena pairatzen ari gara. Pandemiaren ondorioak, Ukrainako eta Sudango gerren ondorioak, israeldarren eta palestinarren arteko gatazka, larrialdi klimatikoa, inflazioa, krisi energetikoa eta gatazken gorakada dira egoeraren arrazoi nagusiak.

Garapenerako nazioarteko lankidetzan esperientzia duten profesionalek, lankidetzako agentzia eta erakundeetako arduradunek, katedradunek eta abarrek hartuko dute parte topaketan.

Bada, gai horiek guztiak aztertzeko, David Noguera laguntza humanitarioan diharduen langile eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko presidente ohia, Joana Abrisketa Ekintza Humanitarioko Nazioarteko Masterraren zuzendaria (Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua - Deustuko Unibertsitatea) eta Manuel Sánchez-Montero Acción contra el Hambre Fundazioaren Eragin eta Harreman Instituzionalen zuzendaria elkartuko ditu ostiralean Sabino Arana Fundazioak.

Noguerak krisi humanitario handienen egungo egoeraz eta sektoreak aurre egin behar dien erronkez hitz egingo du, Abrisketak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa izango du mintzagai, eta Sanchez-Monterok 'Politikaren eginkizuna erronka humanitarioei ekiteko' gaia landuko du.

Hizlariekin batera, garapenerako nazioarteko lankidetzan esperientzia duten profesionalek, lankidetzako agentzia eta erakundeetako arduradunek, katedradunek eta abarrek hartuko dute parte topaketan.