ATAC S.p.A. operadoreak Erromarako 354 autobus hornitzeko bi kontratu esleitu dizkio CAF Taldeko Solaris konpainiari. Bi kontratuen bolumen orokorra 200 milioi euro baino gehiagokoa litzateke bezeroak bertan jasotako aukerak gauzatuko balitu. Hori dela eta, enpresaren historiako eragiketa garrantzitsuenetakoa da, CAFeko iturriek jakinarazi dutenez.

Lehen akordioak azken belaunaldiko Mild-hybrid artikulatuen modeloko 110 ibilgailuren hornidura jasotzen du, eta lizitazioa Giubileo 2025 S.p.A. erosketa taldeak egin zuen Erromako operadorearentzat; unitate horiek aurten bertan entregatzea aurreikusi dute.

Bigarren kontratua gas natural konprimatu bidez propultsatutako eta 12 metroko luzera duten autobusen eskaria da

Bigarren kontratua

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, bigarren kontratua gas natural konprimatu bidez propultsatutako eta 12 metroko luzera duten autobusen eskaria da, eta ibilgailuak 2024 eta 2025 artean entregatuko dituzte. Bigarren eskariak, gainera, hurrengo hilabeteotan ibilgailu kopurua beste 78 unitatearekin handitzeko aukera jasotzen du. Horrekin lotuta, autobusak hornitzeaz gain, Solarisek hurrengo hamar urteotan ibilgailuetako mantentze lanak ere egingo ditu.

Solarisen hiriarteko 700 ibilgailu baino gehiago daude martxan Erroma kanpoaldeko eskualdeko garraio zerbitzuetan

Autobus berriak ez dira izango Solarisek Erroman izango dituen lehenengo ibilgailuak, 2003-2004 urteetan 30 trolebus entregatu baitzizkion bezero berari. Gainera, azken urteotan Cotral operadorearekin sinatutako hainbat kontratu direla eta, Solarisen hiriarteko 700 ibilgailu baino gehiago daude martxan Erroma kanpoaldeko eskualdeko garraio zerbitzuetan.