Arabako Landa Merkataritzaren Azoka Ibiltariak ateak ireki ditu Langraiz Okan, Añanako Kuadrillako herrietako saltoki txikiak eta produktu eta zerbitzuen eskaintza ikusgarri egiteko. Ekimen horren helburua da, halaber, Arabako herritarrak sentsibilizatzea hurbileko negozio horietan kontsumitzeak komunitateari dakarzkion onurez

Añanako hamar establezimenduk baino gehiagok, gaurtik datorren larunbatera arte, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 15:30etik 19:30era beren produktuak erakutsiko dituzte, Agirre Lehendakariaren plazan dagoen stand batean. Showroom formatuko azoka honetan parte hartuko duten saltokiak Langraiz Oka, Espejo, Berantevilla, Uribarri Gaubea eta Zuhatzu Kuartangoko herrietakoak dira.

Parte hartzen duten saltoki gehienak elikaduraren hainbat azpisektoretakoak dira: % 100eko ezti naturala, lekaleak, oliba-olioa (km0), autozerbitzuak eta artisau okindegiak, baina beste negozio-mota batzuetako produktuak ere aurki ditzakegu, hala nola arropa eta osagarrien dendak, farmaziak eta estankoak. Datozen egunotan standa bisitatzen duten guztiek Añanako landa merkataritzako erosketa bonuen zozketetan parte hartu ahal izango dute.

Azoka ibiltari honek, maiatzean eta ekainean, Arabako herritarrei lurraldeko landa merkataritzak eskaintzen duen guztia erakutsiko die, eta landa saltokiak, haien produktuak eta zerbitzuak ikusaraziko ditu eta herritarrak landa merkataritzan kontsumitzeak dakartzan onurez sentsibilizatuko ditu: kalitatezko produktua, arreta pertsonalizatua, artisautza, km0 produktua, tokiko enplegua, garapen ekonomikoa, emisio kutsatzaileak aurreztea, etab. 

Azoka honek Foru Aldundiak sektoreari ematen dizkion programak eta laguntzak biltzen dituen txoko profesional bat ere badu. Apirilaren amaieran hasi zen, Gasteizen, eta joan den astean Murgian (Gorbeialdea) egon zen. Datozen asteetan jarraituko du, egutegi honekin:

--Langraiz Oka (Añana), maiatzaren 9tik 11ra.

--Artziniega (Aiara), maiatzaren 16tik 18ra.

--Araia (Arabako Lautada), maiatzaren 23tik 25era.

--Santikurutze Kanpezu (Arabako Mendialdea), maiatzaren 30etik ekainaren 1era.

--Guardia (Arabako Errioxa), ekainaren 6tik 8ra.