Urteak beti amaitzen dira jada guztiontzat ohitura den egoera batekin: atzean zer utziko dugun erabakitzen, eta zeintzuk izango diren gure asmo berriak aukeratzen. Helburu edo asmo horietako bat, normalean, “kirola egitea” da, edo, dagoeneko kirolariak bagara, “nire kirol-errendimendua hobetzea”.
Pentsamolde hori osasuntsua al da? Egun jakin batean kirola egiten hastera gure burua behartzeak zenbateraino eragin dezake epe luzerako aldaketa?
Kirolaren psikologiak, izenak esan nahi duen bezala, gizakiok kirolean nola funtzionatzen dugun aztertzen du, eta Nerea Lázaro Irigoien gai horretan aditua da.
Zer da kirolaren psikologia?
“Kirolariak laguntzen ditut haien gaitasunen garapenean”, dio Lázaro Irigoienek. Garapen hori ze motatakoa den zehazten du: gaitasunen garapen mentala. Horren bidez, kirolaren esparruko, baita esparru pertsonaleko erronkei ere aurre egitea bilatzen du kirolaren psikologoa den Nerea Lázarok.
Bere kontsultan hainbat esparru lantzen saiatzen da, hala nola presioaren kudeaketa, bai barnekoa bai kanpokoa, eta baita egoera estresagarrien maneiua ere. Hala ere, kirolariekin norberak bere burua zelan zaindu irakasten ere aritzen da, eta erabaki garrantzitsuak hartzeko kudeaketan ere bai.
Lesioek ere lekua hartzen dute kirolarien kudeaketa emozionalean, eta, horregatik, Lazarok ere arlo hori lantzen du haiekin. Ez da lantzen duen pentsamendu intrusibo bakarra, beldurrek ere lekua hartzen baitute kirolariaren buruan: haien karrera amaitzeko beldurra, haiengandik espero dena ez betetzeko beldurra…
Psikologoak laburbiltzen duen moduan, “lehiaketatik kanpo eta barruko emozioen kudeaketan, kirol erretiratzea iragaten, eta, azken finean, kirol munduan nabarmentzen diren funtzionamendu arloetan” aritzen da.
Berarekin lan egiten dutenen artean, ez daude bakarrik kirolari profesionalak. “Kirolari amateurrak ere badaude, azken finean, kirolak beren bizitzako zati garrantzitsua betetzen duten pertsonak dira”, eta erronkei haiek bakarrik aurre egin ezin dutenean, laguntza behar dutenak.
Kirolaren psikologiaren onurak
Kirolari orok 4 garapen arlo ditu, Nerea Lazaro Irigoienek dioenez: teknikoa, taktikoa, fisikoa eta psikologikoa. “Horietako edozein lantzen ez badugu, ez ginateke prestakuntza modu integral batean lantzen ariko”, aitortu du psikologoak.
Nerea Lazarok adierazi du kirolaren psikologiak oso tresna indibidualizatuak eskaintzen dituela, hainbat kirol-testuingurutan aplikatzeko modukoak, hala nola aktibazio-maila edo emozioak kudeatzeko teknikak.
Adituak dioenez, “kirolean alde psikologikoa lantzea funtsezkoa da”, batez ere edozein kirolariren prestakuntza integralari dagokionez. Lazaro Irigoienek azaldu bezala, izozmendiaren oinarria eta punta bezalakoa izango litzateke.
Kirolarekiko obsesioa
Kirolarekiko obsesioa, Nerea Lázarok ematen digun definizioari erreparatuta, honakoa litzateke: “Kirolarekin erlazionatzeko modu bat da, non pentsatzen, sentitzen eta egiten dena kirol-praktikarekin lotuegi dagoen, bizitzako beste arlo garrantzitsu batzuk alde batera utzita”.
Obsesio-seinaleetako bat kirola konpentsazio-jokabide gisa erabiltzea da. Hau da, “Gabonetan asko jan dudanez, urtarrilean hasi behar dut korrika egiten”. Zer gertatzen da hori betetzen ez denean? Lázaro Irigoienen arabera, errutina betetzen ez denean, gehiegizko ondoeza, lesioak, arrisku-jokabideak (lesionatuta entrenatzea, adibidez), errenditzeko jaten denaren kontrol zorrotza, eta beste motatako ondorioak sortzen dira.
Psikologoaren ustez, kirolarekiko harreman obsesibo horrek “beste beharrizan batzuk daudela, eta horiek beteta ez daudela” da erakusten duena. Adibidez, afiliazio beharra, edo balidazio, afektu edota gure burua definitzeko beharra, besteak beste. Psikologoak lantzen duen ikuspegitik, obsesio hori sintoma bat izango litzateke, “konpontzeko zerbait sakonagoa dagoela esaten diguna”.
Eta nola konpontzen da obsesio hori? “Pertsonari lagunduz, inolako epaiketarik gabe eta jarrera enpatiko batetik”, dio Nerea Lázarok. Adituak azaldu duenez, hiru premisa horiekin lan asko eginda dago, eta, jakina, “jakinda psikologiako profesional batengana jo dezakeela beti, bere ondoeza konpontzen laguntzeko”.
Urtarrilera begira…
Urte berriko asmoei dagokienez, Nerea Lázarok honela deskribatzen ditu: “Gure imajinarioan jada ezarrita dagoen zerbait”. Dirudienez, urtarrilera arte itxaron behar da aldaketa handiak egiteko, baina, egia esan, ez da oso une egokia izango aldaketa horiek gauzatzeko, Lázaro Irigoienek dioenez.
Helburu horiek data seinalatuetan planteatzearen arriskuak asko dira, adibidez, helburu hori ez betetzea, eta horrek “beste porrot bat”, edo “lortzen ez dudan beste urte bat”, edo “hau ez da niretzat” sentsazioak sorrarazi ahal dizkigu. Psikologoak joera horren ezaugarri argi bat aipatzen du: hori ez lortzearen arazoa ez dago pertsonarekin lotuta, “baizik eta helburua modu egokian planteatuta ez egotearekin”.
Hala ere, Lázaro Irigoienek adierazten du hasiera data bat jartzea “garrantzitsua eta eraginkorra” dela, hori bai, hasiera horrekin batera doan plan bat baldin badago. Asmoak ez dira lortzen 2025 delako, baizik eta “ekintza hartzen dugulako”.
Eta zergatik uzten dugu kirola egitearen egitasmoa?
“Ez da erantzun erraza”, dio Lázaro Irigoienek. Normalean, hainbat arrazoirengatik uzten dugu bertan behera. Adibidez, kirola praktikatzea zer den errealitatearekin bat ez datozen espektatibengatik. Kontuan izan behar dugu, halaber, frustrazioarekiko tolerantzia txikia, edo osasungarria ez den kirol-ingurunea, edota errefortzu positiboaren falta…
Azken finean, kirola egitearen kostua jasotako irabaziak baino handiagoa denean, kirola uzteko aukerak handitzen dira, psikologoaren esanetan.
Eta zeintzuk dira aholkuak? “Ba, helburua zehatza, lorgarria, neurgarria eta norbanakoarentzat garrantzitsua izatea, eta denboran amaitzen dena”, adierazi du psikologoak. Horiek dira modu egokian planteatutako helburu baten ezaugarriak, eta, gainera, egitasmo bat izaten jarraitzen du. “Lehen aipatu dudan bezala, planifikazio bat ere jarraitu beharko genuke”, adierazi du. “Garrantzitsua da jakitea zure errutinan zein egunetan komeni zaizun ohitura berri hori sartzea, zein zailtasunekin topo egin ahal duzun, zein irtenbide izan ahal duten arazo horiek, eta helburua betetzat noiz emango zenuke”, gehitu du.
Testuingurua garrantzitsua da?
Nerea Lázaro Irigoienen arabera, “oso garrantzitsua” da testuingurua. Kirolaria inguratzen duen sare osoak, kirolariaren maila edozein dela ere, funtsezko rola jokatzen du motibazioan. Izan ere, helburua ohitura bihurtzen laguntzen duen faktore bat kanpo-laguntza izan daiteke, eta “kirol-arloan ezarritako kalitate-harremanak” ere oso garrantzitsuak dira testuinguru horren parte diren heinean.
Sare sozialek ere garrantzia hartzen dute, Nerea Lázarok “txanpon beraren bi aldeak” bezala deskribatzen ditu. Haren arabera, sare sozialek pertsona bakoitzarengan duten efektuaz hitz egiten duenean, “kontsumitzen duzun edukiaren eta zugan duen eraginaren araberakoa” dela dio. Haren arabera, laguntza sare bikaina izan daitezke, eta modelatu gisa jardun dezakete sare sozialek; hau da, zu baino adituagoa den norbaitengandik ikas dezakezu. Bestalde, zalantzazko eduki erreal baten eta zure bizitzaren arteko konparazioetatik eratorritako segurtasun ezaren iturri ere izan daitezke. “Sare sozialetan dagoena ez da bizitza erreala, pertsona batek erakutsi nahi digun zati bat baino ez”, adierazi du Lázaro Irigoienek.
Psikologoak aholkatzen duen bezala, kirola egiten hasteari begira, helburua modu egokian ezartzea komeni da, eta, motibazioa galtzen den une zailenetan, kirola egiten zertarako hasi ginen gogoratzea. “Emaitzarekin obsesionatzeak ez du esan nahi lortuko dugunik; seguru asko, nekatu egingo gara lortu aurretik”, dio Nerea Lázarok. Prozesuan nork bere burua zaintzea garrantzitsua da, eta motibazio gutxiko eta frustrazio uneak pasatzea ezinbestean kirolaren parte direla adierazten du psikologoak. Bere ustez, “hori ulertzea eta horren aurka ez borrokatzea da gakoa”.
Kirola eta osasun mentala
“Maila neuropsikologikoan, jarduera fisikoa zoriontasunaren hormona jakin batzuen askapenarekin lotuta dago, hala nola, dopamina, serotonina eta endorfinen askapenarekin”, gogorarazi digu Nerea Lázaro Irigoienek.
Gainera, erronkak ezartzeak eta horiek lortzeak eragin zuzena du gure autoestimuan eta konfiantzan. “Kirola besteekin lotzeko bide bikaina izan daitekeela kontuan hartzen badugu, eta harreman horiek kalitatezkoak badira, gizakiaren oinarrizko beharretako bat betetzen egongo gara, harremanak egiteko beharra”, argitu du Lázaro Irigoienek.
Beraz, kirola “gure osasun mentalean onura asko ekar ditzakeen” praktika bat da, batez ere, kirola egiteko modua kontuan hartzen badugu.