Ibaiak bere bidea egina duen bezala, sinetsi izan da instituzioek ere euren bidea eta etorkizuna ziurtatuta zeuzkatela, baina oraingo krisialdiak irakatsi digu inorentzat ez dagoela horrelako ziurtasunik.
Krisiak, krisiaren kolpeek, oso jota utzi dute Estatuko irrati-telebista eredua, eta ondo astindu dute gure EiTB estimatua ere. Zartatekoak ez dira oraindino amaitu.
Urte honetan zehar, askotan esan dut erabaki guztiak EiTBren jasangarritasunaren alde hartu behar ditugula. Izan ere, komunikazio sektorean, enpresa bakan batzuk salbuetsita, defizitarekin ixten da urtea, eta zorrak gero eta handiagoak dira. Sismografo beharrik gabe ere aurreikus ditzakegu lurrikarak.
Jakina da eraikuntzaren ostean komunikazioa izan dela sektorerik ukituena. Hainbat urtez jasan du krisia, baina, hala eta guzti, beste bost urtez jarraituko du krisiaren eragina igartzen. Denbora horretan, mudantza handiak ezagutuko ditugu, ikus-entzunezko sektore publikoan bezala, prentsa idatziaren sektore pribatuan ere.
EiTB, dagoeneko, mudantza handien garaian sartuta dago. Badakigu nolakoak izan diren aurreko garaiak, eta etortzeko diren garai berriak bestelakoak izango direla; baina geroa ez dago ez idatzita, ez, gutxiago oraindik, ziurtatuta. EiTBren garai berriak ezaugarri berriak izango ditu. Ez dakigu zer abiaduraz hedatuko diren aldaketak, baina badatozela, bai.
Ohiko telebista kontsumoak bere horretan iraungo duen arren, internetez kontsumituko da gero eta gehiago. Egun, telefono adimendunek, tabletek eta ordenagailuek modu erosoan eskaintzen dituzte edukiak, eta, denbora gutxi barru, 4G teknologiari esker, askoz ere erosoago izango da kontsumitzeko era hori.
Gailu berriok, internetez nabigatzeko gaitasunari esker, eta Googlek eta Applek prestatzen duten tresneriari esker, ikus-entzunezko edukiak gero eta modu pertsonalizatuagoan kontsumitzea ekarriko dute, eroso, jasotzeko kostu txikiarekin, eta sortzen diren tokian sortzen direla. ETBk bezala, EiTBren irratiek ere prestatu beharko dituzte euren edukiak interneterako, eurek ere eskaintza mundialaren plazan lehiatu beharko dute eta.
Internet ez da lurralde baketsua izango. Prentsa idatziaren negozioak urteak daramatza galerekin, baina edukiak interneten jartzen segitzen dute, kobratu ezinda ere. Enpresak egoera jasanezinean daude dagoeneko: publizitate sarrerak ia %70ra jaitsi zaizkie, egunkari salmentak behera doaz, ez dute asmatzen Interneteko edukiak nola saldu...
Datozen urteetan, paperezko egunkari-izenburu batzuek eutsiko dioten arren, hedabideek ohiko negoziotik internetera jauzi beharko dute, eta, interneteko edukiak kobratzeko modua asmatzen ez badute, porrotaren ertzean jarriko dira.
Hori hala izanik, EiTBk eta gainerako hedabide publikoek sareko informazio-eskaintza doan egiten badute, prentsa idatziari konpetentzia zuzena eginez, ez dago dudarik hedabide publikoen eta pribatuen artean konfrontazioa gertatuko dela, eta, seguruenik, Europa mailan erregulazio berria sortuko dela hedabide publikoei edukietan mugak jartzeko.
Finantzazioan ere, mugak. EiTBren aurrekontuak, bost urtean, heren bat gutxitu dira. Zenbaki biribiletan esanda, 180 milioi eurotik 120ra jaitsi dira. Publizitatea eta salmentak % 50 jaitsi dira, eta finantzazio publikoa, ia % 30. Krisiaren kolpeak dira.
Diru-sarreren murrizketaren ondorioz, telebista-ordu asko talk show eredura pasatu dira; kostu baxuko edukietan kontzentratu da gure telebista. Goenkale izan ezik, ez dago barne-produkzioko fikziorik. Eta goi mailako kirolaren eskubideak kanal handiek eta ordainpeko zerbitzuek bereganatu dituzte. Murrizketak direla eta programazio-eredu berriaren eraginez, euskal ikus-entzunezko sektore pribatuaren fakturazioa heren bat murriztu da, eta berak eskaintzen zuen sormena eta talentu profesionala asko ahuldu da.
Joera horiek kezkagarriak dira, eta EITBren lehiakortasuna zaildu egin dute. Azken urteetan ondo eutsi zaie audientziei, baina, aurten, Antenatresmedia (A3, La Sexta...) eta Mediaset (T5, Cuatro...) formatu handiko telebista-saioekin hasi dira, programako milioi bat euro gastatuz. EiTBk hurbiltasuneko edukiekin erantzuten du, baina orain hamar urte baino ahalmen ekonomiko askoz txikiagoarekin. Kanal handiek gau baterako duten miloi horrekin ETBk hamar eguneko programa guztiak egiten ditu. Gaur egun EiTBk programetarako duen gastu-ahalmena, batez beste, orain hogei urte zuenaren parekoa da.
Gure ingurunean, aipatutako bi telebista-talde horien duopolioa sendotuz doa, eta talde publikoak ahulduz. EiTB salbuespena da estatuko sektore publikoan, hainbat arrazoirengatik: audientzia-maila sendoak dituelako telebistan, irratian eta Interneten; prestigio handia duelako euskal gizartean; albistegietan, lidergoa eta sinesgarritasuna irabazi dituelako. Horrez gainera, urtez urte, zorrik egin gabe ixten ditu bere diru-kontuak.
EiTBren etorkizuna ahalbidetzeko, enpresaren barruan hiru pausu eman behar dira ezinbestez. Lehenik, EiTBk eredu konben-tzionaletik multimediara pasatu behar du, eta jabetuta egon behar du Internetek jarritako kontsumo-paradigma berriaz. Bigarrenik, lan-hitzarmenek, malgutasunaren bitartez, askoz efizienteago bihurtu behar dute enpresa. Malgutasuna ezartzeko gai izan ezean, EiTB osoa amildegira eror daiteke etortzeko diren lehiakortasun-arazoen aurrean. Enpresa-dinamikak berritu egin behar dira, zurruntasunari eta kronifikazioari lekurik utzi gabe. Azkenik, EiTBk bikaintasunera jo behar du euskarazko edukietan, hurbiltasuneko edukien trataeran eta albistegietan, eta, lidergoa zaintzeko, beharrezko aliantzak egin beharko ditu.
Gizarteak eta gobernuak ere, badute zeregina EiTBren alde. Zerbitzu publikoaren eskabidean amore eman gabe, finantzazioa eta programa-kontratua behar bezala bideratu behar dira. Ez da herrigintzarik posible izango, Euskal Herriak bere hedabide propiorik ez badu. EiTB ez da beste eduki bat; ez da aukera soil bat beste kanal askoren artean.
EiTB ezinbestekoa da geure nortasuna zaintzeko, euskara normalizatzeko, eta gure komunikazio-esparru propioa garatzeko. Informazioa edonondik -Bilbotik zein Mexikotik, Usurbiletik zein Beijingetik- iristen zaigun garai berri honetan, gure gauzak gure ikuspegitik kontatzeko ahalmena behar dugu. Hortaz, asko estimatzen duguna oraindik ere gehiago zaindu behar dugu.