Araba Euskaraz Ikastola Mugimenduaren Herri Ekimena da, eta ikastolen jaiekin batera hezkuntza-eredua indartzeko funtsezko tresna bihurtu da. Ekimen honek ikastolekiko atxikimendua sendotzen du eta, aldi berean, euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzarekiko konpromiso aktiboak pizteko gune garrantzitsua eskaintzen du.
Horrez gain, Arabako herritarrentzat topagune eta saregune bilakatzen da, auzolana eta elkartasuna ardatz hartuta, eta eskualde ezberdinen arteko loturak sendotzen laguntzen du. Euskararen ikusgarritasuna handitzeaz gain, lurraldera hurbiltzen direnentzat eta euskara ikasi nahi dutenentzat ere aukera bat da, eta azken batean, ikastolen proiektuak aurrera eramateko beharrezkoa den finantzazioaren oinarri garrantzitsua ere bada.
Nola definituko zenuke Araba euskaraz ekimena?
–Araba Euskaraz Ikastola Mugimenduaren Herri Ekimena da. Herrialde ezberdinetan ospatzen diren Ikastolen jaiekin batera (Kilometroak, Ibilaldia, Nafarroa Oinez zein Herri Urrats) funtsezko tresnak dira gure hezkuntza-eredua indartzeko. Ekimen hauek ikastolekiko atxikimendua sendotzea ahalbidetzen dute, eta aldi berean, ikastola ereduaren zein ikastolaren beraren zereginaren eta xedearen zabalkunderako erakusleiho bikaina bilakatzen dira. Horrekin batera, euskararen erabilera modu praktikoan sustatzeko eta hizkuntzarekiko konpromiso aktiboak hartzeko gune aproposak eskaintzen dituzte, eta nola ez, ikastolen proiektuekin eta azpiegiturekin aurrera egiteko ezinbestekoa den finantzazioa lortzeko bide nagusietako bat osatzen dute.
“Araba Euskaraz Ikastola Mugimenduaren Herri Ekimena da. Herrialde ezberdinetan ospatzen diren Ikastolen jaiekin batera”
Zer ekarpen egiten dio arabako herritarrei?
–Araba Euskaraz jaia funtsezkoa da Araban, tradizioz orain dela berrogeitahamar urte, erdaldunduta egon diren eremuetan euskararen erabilera eta ikusgarritasuna modu positiboan aktibatu dituelako, hizkuntza herritar guztien topaleku gisa aurkeztuz. Arabako eskualde ezberdinak saretzen eta biziberritzen dituen ekimena da, herritarrak auzolanean eta elkartasunean batuz, eta lurraldera heldu berri direnei zein euskarara hurbildu nahi dutenei topagune bat eskainiz. Azken batean, jaia baino askoz gehiago da: euskararen aldeko herritik sortutako ekimena da.
Zein erronka berezi ditu euskara lurralde horretan?
–Euskararen erabilera areagotzea da erronkarik nagusiena. Horretarako gizartearen, eragileen eta instituzioen konpromisoa ezin bestekoa da. Gure hizkuntza denon artean zaindu eta bere erabilpena bultzatu behar dugu.
Nola ikusten duzu Araba Euskaraz ekimena etorkizunean? Hamar urte barru, esate baterako?
–Araba Euskaraz Arabako ikastolen eta euskararen jaia izaten jarraituko du hamar urte barru, baina gizartearen aldaketetara egokitu beharko da. Auzolanean oinarritutako ekimena izaten jarraitu beharko du, hori ezin da galdu, gure komunitatea indartzen eta saretzen duen tresna da.
“Araba Euskaraz euskararen jaia izaten jarraituko du 10 urte barru, baina gizartearen aldaketetara egokitu beharko da”
Zer egin beharko litzateke euskara egunean modu naturalean hitz egiteko Araban?
–Ezagutzatik erabilerara pasatzeko unea da. Euskaraz modu naturalean bizitzeko jauzia eman behar dugu. Ikaskeletatik kalera atera behar dugu. Kirolean, kulturan eta aisialdian daukagu erronkarik handiena. Ohitura kontua besterik ez da!
Zer mezu emango zenioke jai honetan joaten den herritar guztiei?
–Araba Euskaraz jaia ondo pasatzeko eguna dela, lagunekin topo egiteko unea. Ondo pasatzera etor daitezela, benetan, ongi etorriak direla gure artean. Mila esker Euskararen taupadak berpizteagaitik!