Gaztelugatxe Zentroa inauguratu dute Bermeon (Bizkaia), Gaztelugatxeko Monumentu Naturalera hurbiltzeko, bere balio natural, historiko eta kulturala ezagutzeko eta turismo arduratsuaren aldeko kontzientzia sustatzeko.

Bermeoko Udaletik nabarmendu dutenez, San Joan egunaren bezperan ireki ditu ateak espazio berriak, bermeotarren eta Gaztelugatxeren arteko "lotura historiko eta emozionala agerian uzten duen data esanguratsuan".

Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta, Gaztelugatxerako bide historikoa hasten zen Sanjuanportaletik metro gutxira, zentroak bisitariei esperientzia interaktiboa, irisgarria eta murgiltzailea eskainiko die. Helburua da Gaztelugatxe "ez aurkeztea bakarrik bisitatzeko leku modura, baizik eta ulertu, sentitu eta zaindu beharreko ondare partekatu modura".

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak inaugurazio ekitaldian adierazi duenez, "Gaztelugatxe bermeotarrentzat ez da bakarrik balio natural eta historia handiko gunea. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako sentimenduen, oroitzapenen eta bizipenen parte ere bada".

Gogoratu du urte luzez izan dela eskerrak emateko, desioak egiteko, ospatzeko eta elkartzeko lekua. "Herriaren memoria kolektiboan errotutako espazioa da. Horregatik, Bermeo eta Gaztelugatxe elkarrekin ulertu behar dira, biak lotzen dituen ondare emozional eta kulturalaren bidez", gaineratu du.

Alkatearen hitzetan, lotura hori bizirik mantentzeko "ezinbestekoa" izan da urte luzez hainbat herritarrek eta boluntariok egindako lana: "Gaztelugatxe gaur egun nazioartean ezaguna den gunea izan aurretik ere, pertsona askok ingurunea zaindu, txukundu eta babesteko konpromisoa hartu zuten modu altruistan. Haien ekarpenari eta, gaur egun, erakundeen eta kudeaketan parte hartzen duten eragileen lankidetzari esker, Monumentu Natural honek behar duen zaintza eta babesa izaten jarraitzen du".

HIRU IKUSPEGI

Gaztelugatxe Zentroak hiru ikuspegi nagusiren bidez hurbilduko du bisitaria gunera. Alde batetik, Monumentu Naturalaren balio ekologiko eta geologikoak azalduko ditu, itsasoak eta denborak modelatutako paisaia berezi baten garrantzia nabarmenduz. Akatxe uharteko hegaztien santutegitik hasi eta urpeko laminaria oihan gardenetaraino, kostaldeko biodibertsitatearen aberastasuna ezagutzeko aukera eskainiko du.

Beste alde batetik, mendeetan zehar Bermeoko eta inguruko herrietako biztanleek eraikitako lotura historiko, kultural eta espiritualak ezagutaraziko ditu, tradizioak, errituak, sinesmenak eta kondairak ardatz hartuta, eta hirugarrenik, turismoaren erronkei eta ingurumenaren babesari buruzko hausnarketa sustatuko du, etorkizun jasangarriago baten aldeko jarrerak bultzatuz.

Bisitariek formatu handiko argazkiak, ikus-entzunezkoak, proiekzioak eta eduki digitalak aurkituko dituzte espazioan. Horien artean nabarmentzekoak dira Bermeoko historiaren mugarriak modu interaktiboan azaltzen dituen denbora lerro dinamikoa, eskualdeko kultura, erlijio eta jai tradizioei buruzko ikus-entzunezkoak, eta '241 maila' izeneko esperientzia murgiltzailea, Gaztelugatxeko San Joan ermitarako igoera 360 graduko formatuan modu birtualean bizitzeko aukera ematen duena.

Edukiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskainiko dira, eta ikus-entzunezko guztiek azpidatziak eta audio-sistemak dituzte. Sarrera doakoa izango da, eta espazioa irailaren 30era arte egongo da zabalik: lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara; astelehenetan eta irailaren 9an itxita egongo da.