Bilboko Udalak Bilbaobizi bizikletak mailegatzeko zerbitzuaren 20 gune berri jarri ditu martxan hiriko hainbat tokitan eta sarearen zabalkuntza amaitu du. Horrela, udal zerbitzuak 68 puntu ditu orain, auzo gehiagotan dauka presentzia eta herritarren irisgarritasuna hobetu du mugikortasun jasangarri eta osasungarriko alternatiba batekin.
Nora Abete Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak nabarmendu du zabalkundeak erantzuten diola Bilboko Udalak "gero eta konektatuago, irisgarriago eta ingurunearekiko errespetutsuago dagoen mugikortasun eredu bat sustatzen jarraitzeko hartutako konpromisoari, herritar gehiagok bizikleta eguneroko joan-etorrietan sar dezaten erraztuz".
"Puntu berri horiek martxan jartzea urrats garrantzitsua da Bilbaobizi auzo gehiagotara hurbiltzeko eta gero eta pertsona gehiagok beren ingurunean mugikortasun aukera jasangarriak izan ditzaten bermatzeko. Hiri konektatuago, osasungarriago eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko pentsatutako espazio publiko baterantz aurrera egiten jarraitzen dugu", azaldu du.
Puntu berriak hurrengo leku hauetan daude: Calixto Leguina, Fika, Malmasin, San Ignazioko zubia, Juan Carlos de Gortazar, Kalamua, Auntzetxeta, Begoñako Andra Maria, Errekalde-Larraskitu, Julio Urquijo, Zorrotzaurre, Luis Briñas, Mazarredo, San Luis Meategia, Basurtu-Kastrexana, Arabella, Masustegi eta Jesus Galindez. Datozen hilabeteetan Maria Diaz Haroko kaleko eta Uretamendi auzoko puntuak jarriko dira martxan.
Zabalpenari esker, zerbitzuaren estaldura indartu ahal izango da orain arte puntu gutxiago zeuzkaten eremuetan, batez ere hiriko goiko auzoetan; horrela, bertako biztanleen eskari historikoari erantzungo zaio eta sarearen banaketa orekatuagoa ahalbidetuko da Bilbo osoan.
Bestalde, uztailaren 1etik aurrera, zerbitzuak berrikuntza bat izango du doakotasun baldintzetan. Ohiko abonamendua duten erabiltzaileei, 72 euroko gehieneko mugara iritsitakoan, bidaien doakotasun baldintzak aldatuko zaizkie, eta 60 minututik gorako bidaiak orduko 6 euroko tarifaren arabera fakturatuko dira, horrela jasotzen baita bizikleta elektrikoen mailegu zerbitzuaren prezioak arautzen dituen ordenantzan.
Orain arte, ohiko abonamenduarekin eta gehieneko muga gainditu ondoren, bizikletak denbora mugarik gabe eta kostu erantsirik gabe erabil zitezkeen. Uztailaren 1etik aurrera, denbora hori 60 minutukoa izango da.
Aldaketaren helburua bizikleta elektrikoen mailegu zerbitzu publikoaren erabilera egokia eta eraginkorra sustatzea da, pertsonen eguneroko joan-etorrietarako garraiobide gisa duen funtzio nagusia indartuz. Horrela, benetako mugikortasun behar bati lotuta ez dauden erabilera luzeak saihestu nahi dira, bizikleten erabilgarritasuna handituz eta zerbitzuaren txandaketa hobetuz, herritar guztien mesedetan.