Euskotren sozietate publikoaren Azpeitiko (Gipuzkoa) Burdinbidearen Euskal Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du igandean, maiatzaren 17an, jai giroko jardunaldi batekin, tren historikoen zirkulazio bereziekin eta zenbait erakusketarekin.

Hain zuzen, Euskotrenek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren bezperan, tren historikoak izango dira protagonistak, eta zirkulazio bereziak izango dira 11:00etan, 12:00eta eta 13:00etan museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean.

Lehenengo ibilbidea 1965ean Tarbesen eraikitako Alsthom 1004 diesel trakziozko tren makinak egingo du, Euskal-Asturiar Trenbideen Konpainiarena; 12:00etan eta 13:00etan, aldiz, lurrunezko tren historikoek egingo dute irteera, Euzkadi (Kraussek eraikia Munichen, 1920an) eta Zugastieta (Sharp Stewartek eraikia Glasgown 1888an) tren makinek trakzionatuta.

Horrez gain, Graftonek Babcock & Wilcoxerako 1920an egindako lurrunezko garabia ere jarriko da martxan, merkataritza zerbitzua eman zuena enpresa horretan 1997 arte. Antolatutako jardueren artean, Espinal Orconerako meatzaritzako burdinbideko lurrunezko tren makina ere jarriko da ikusgai.

Era berean, larunbatean, maiatzaren 16an, lurrunezko trenaren irteerak mantendu dira, ohiko denboraldian sartuta, eta 12:00etan eta 17:30ean izango dira.

Burdinbidearen Euskal Museoaren instalazioetan trenbideekin lotutako Europako bildumarik onenetakoa ikus daiteke. Denetariko ibilgailuak daude bertan: lurrun bidezko tren makinak, bai eta dieselak eta elektrikoak ere, automotorrak eta askotariko bagoiak. Euskadiko makina erremintako bildumarik osatuenetakoa ere dauka, garai bateko Urolako trenbideko tailer mekanikoari esker, eta XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arteko tren uniformeak daude ikusgai, baita munduko tren erlojuen bildumarik onenetakoa ere.