Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gai eta Litoralaren Zuzendaritzak kostaldeko udalerri txikiekiko konpromisoa indartu du udako denboraldian zerbitzuak, azpiegiturak eta erabilera baldintzak hobetzeko jarduketa eta inbertsioen multzo baten bidez Mundaka, Elantxobe eta Ean.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, hondartzarik ez dutenez, udalerriok arreta espezifikoa behar dute herritarrentzat zein bisitarientzat egokiak, seguruak eta oinarrizko zerbitzuez hornituak diren espazio publikoak bermatzeko. Testuinguru horretan, udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako esku hartzeak garatzen ari da, ikuspegi praktiko eta emaitzetara bideratuarekin.
"Udalerri hauen beharrei erantzun zehatza ematen ari gara, zerbitzuak indartuz, azpiegiturak hobetuz eta jende gehien biltzen diren hilabeteetan portuetan segurtasuna bermatuz", adierazi du Portuetako zuzendari Koldo Goitiak.
Horrela, Mundakako portuan, funtsezko jarduketak egiten ari dira, hala nola komun publikoen lokalaren eta udako zaintza langileentzako espazioaren berrikuntza, eta kanpoko dartsenaren dragatzea, ontzien ainguratzea errazteko ezinbestekoa baitaa. Horrez gain, kostaldeko eremuko eskailerak konpontzen ari dira eta segurtasuna indartuko da ekainetik irailera bitarteko zaintza pribatuko zerbitzu baten bidez.
Elantxoben, esku hartzeak portuaren segurtasuna eta erabilera baldintzak hobetzera bideratu dira, udan zaintza pribatua kontratatuz eta portuko biltegi baterako itxitura eginez. Jarduketak lehendik egindako lanekin osatzen dira, hala nola udako igerilekurako sarbideko barandaren konponketarekin, inguruko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz.
Bestalde, Ean, Jaurlaritzak lankidetza estua izan du udalarekin sasoiko oinarrizko zerbitzuak jartzea errazteko; horrela, portuan dutxak eta hondartzako etxolak jartzea baimendu da, jende gehien dagoen hilabeteetan kostaldearen erabilera esperientzia hobetuz.
"Lurralde oreka bermatzea udalerri hauetan ere jardutea da, eta egitateekin egitea: inbertsioekin, mantentze lanekin eta udalekin lankidetza zuzenarekin", gaineratu du Goitiak.