Bilboko Kirikiño Ikastolak Euskara Mila Koloretan I. Pintura Lehiaketa antolatuko du 2026ko Ibilaldiaren baitan, helduentzat zein haurrentzat. Ekimena maiatzaren azken asteburuan garatuko da, Ibilaldia ospatuko den asteburuan bertan: maiatzaren 30ean haur eta gazteen txanda izango da, eta maiatzaren 31ean, Ibilaldiaren egunean, helduena.
Kirikiño Ikastolatik jakinarazi dutenez, proposamen berriaren helburua argia da: euskararen aldeko jaiaren giroa, euskal kultura eta komunitatearen bizitza sormenaren bidez islatzea, eta artea jaialdiaren parte aktibo bihurtzea. Ekimenak Ibilaldia sendotu nahi du adin guztietarako espazio sortzaile eta parte hartzaile gisa.
Horrela, helduentzako pintura lehiaketa maiatzaren 31ean egingo da, Ibilaldiaren egun berean. Parte hartzaileek Ibilaldiaren esparruan bertan margotuko dute, unean bertan sortutako lanekin, jaialdiaren giroa, paisaiak eta bizipenak zuzenean jasoz.
Lehiaketa banakakoa izango da, eta parte hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du. Gehienez 100 lagunek hartu ahal izango dute parte. Izen-ematea egunean bertan egingo da, eta aurrez izena emateko aukera ere irekita dago maiatzaren 10era. Jardunaldia 11:00etatik 17:00etara luzatuko da, eta lanak epe horren barruan entregatu beharko dira. Ondoren, hiru kidez osatutako epaimahaiak lanak baloratuko ditu, eta 18:00etan emango da erabakiaren berri.
Halaber, lehen edizio honetan, haur eta gaztetxoentzako lehiaketa bereizia ere antolatuko da, maiatzaren 30ean, Ibilaldiaren bezperan. Kategoria honetan, parte hartzaileek aurrez jasotako laminetan egingo dituzte margolanak, bakoitzak bere erritmoan eta nahi duen teknikarekin.
Laminak maiatzaren 18ko astean banatuko dira (ikasleen kasuan, tutoreen bidez, eta DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, ikastolako idazkaritzan). Behin lanak eginda, maiatzaren 30ean bertan entregatu beharko dira Kirikiño Ikastolan 17:00etatik 18:00ra bitartean.
Epaimahaiak balorazioa egin ondoren, 19:00etan egingo da sari banaketa. Gainera, aurkeztutako lan guztiak, sarituak zein ez, ikusgai egongo dira ikastolan, bai egun horretan bertan bai Ibilaldiaren egunean, ekimenari dimentsio kolektibo eta erakusgarri bat emanez.
"Euskara Mila Koloretan ekimenak Ibilaldia beste maila batera eramaten du, kultura, sormena eta parte hartzea uztartzen dituen topagune bihurtuz. Aurtengo edizioak aukera emango du Ibilaldia ikuspegi pertsonal eta kolektiboetatik bizitzeko, kolorez, euskaraz eta artez", nabarmendu dute. Lehiaketen oinarriak eta izen-emateari buruzko informazio guztia eskuragarri dago ibilaldia.eus/euskaramilakoloretan webgunean.