Kutxa Fundazioa-Gordailua Bekaren bosgarren edizioa jarri da martxan Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmenaren esparruan, kontserbazioan espezializatutako profesionalentzat. Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroarekin lankidetzan sortutako bekak 30.000 euro eta 12.000 franko suitzarreko hornidura dauka, eta eskaerak egiteko epea maiatzaren 18ra arte dago zabalik.
Kutxa Fundaziotik jakinarazi dutenez, kontserbazio eta zaharberritze arloko prestakuntza eta ikerketa sustatzea da ekimenaren helburua, kultura ondasunak eta arte ederrak zaintzeko parametro jasangarriak aplikatzeari garrantzi berezia emanez.
Horretarako, Kutxa Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroarekin, arlo horretan erreferente bat baita Europan. Bekak Gordailuaren nazioartekotzea indartzen du, Europako beste kontserbazio zentro batzuekiko harremanak sendotuz, orain arte egindako bisita instituzionaletatik haratago.
Programak hiru fase ditu. Lehena hasierako hiru hilabeteko egonaldia da Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bildumen zentroan (Irun), bertako metodologiak ezagutzeko eta garatu beharreko proiektua zehazteko. Bigarren fasea sei hileko bitarteko egonaldia da Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroan (Affoltern am Albis), proiektuaren lehen zatia han egiteko.
Azken egonaldia, hamar hilabetekoa, Gordailura itzulita egingo da, non atzerrian lortutako ezaupideak aplikatuko diren kontserbazio eta zaharberritze arloan jasangarritasuna helburu duen proiektu jakin batean. Proiektuaren gaia bekadunaren, Kutxa Fundazioaren, Gordailuaren eta Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albisen duen Bildumen Zentroaren artean adostuko da.
Bekan garatutako proiektuak hurrengo ildo estrategiko hauetakoren batean sartuko dira: kultura ondasunak garraiatu, biltegiratu eta erakusteko egokitu edo prestatzerakoan jasangarritasuna; kontserbazio eta zaharberritze lanei aplikatutako material eta teknika jasangarriak ikertzea; artelanen kontserbazioaren kudeaketa jasangarrian berrikuntza.