Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campusak EGOkITU udako campusaren beste edizio bat antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzarekin, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta, unibertsitatearen mundura modu ludikoan hurbil daitezen.

EHUk jakinarazi duenez, bi txanda antolatu dira, ekainaren 29tik uztailaren 3ra eta uztailaren 6tik 10era, 09:30etik 14:00etara (campuseko jantokiak irekita egongo dira programa garatzen den egunetan), eta aste bat edo bi aukeratu daitezke. Izena emateko epea zabalik dago eta maiatzaren 15en amaituko da. Plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Azken edizioan bezala, aurten ere EGOkITUk bederatzi ikastaro eskainiko ditu EHUko Gipuzkoako campuseko hainbat ikastegitan. Horrela, parte hartzaileek arlo zientifiko-teknologiko eta sozialetako jarduerak egin ahal izango dituzte, unibertsitatea bera eta bertako irakasle eta ikertzaileak gertutik ezagutzeko aukera izanez.

Ikastaroek jarduera eskaintza zabala eta anitza hartzen dute, besteak beste, robotekin jolastea, fikziozko misterio bat ebaztea hainbat esperimentu kimiko eginez, maketak eraikitzea, map scape batean parte hartzea, epaiketa bat simulatzea, marketin-tailer batean parte hartzea, odol ateratzeak nola egiten diren ikastea, osasun mentala zaintzea eta logopedia kalean bertan arakatzea.

"Gaur egun udalekuen eskaintza oso zabala bada ere, horietatik gutxi egoten dira adin tarte horretako ikasleei zuzenduta. Gainera, bokazioak eta etorkizunerako aukerak esploratzeko aukera aparta eskaintzen du EGOkITUk, punta-puntako profesionalen eskutik", azpimarratu du Aitzol Ezeiza EHUko Gipuzkoako Campuseko ekintzailetza, enplegagarritasun eta transferentziako zuzendariak.