Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Aztarna argitaletxeak 'Lourdes Iriondo. Ipuinak' eta 'Lourdes Iriondo. Antzezlanak' liburuak aurkeztu dituzte, egile donostiarraren lana berreskuratzeko helburuarekin. Batez ere haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzte bi lanek, "eta berriro herritarren eskura jartzen dute haren literatura ondarearen funtsezko zati bat", aurkezpenean nabarmendu dutenez.

Ekitaldian izan dira Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarez, Joxan Goikoetxea Aztarna argitaletxeko zuzendaria eta Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga liburukien argitalpenaren arduradunak.

Berrargitalpenekin, Iriondoren lana biziberritzen lagundu nahi dute Aztarna argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, "tinko sinetsirik sortzaile bat gogoratzeko modu onena dela haren lana berriro argitara ateratzea eta irakurle belaunaldi berrietara hurbiltzea".

Goizane Alvarezek azpimarratu duenez, "Lourdes Iriondoren lana berreskuratzea ezinbesteko sortzaile batentzat justizia kulturala lortzeko modu bat da, baina baita gure memoria kolektiboa indartzekoa ere. Euskal kultura askeagoa, sortzaileagoa eta haur eta gazteengandik hurbilagoa eraikitzen lagundu zuen emakume batez ari gara".

"Horrelako ekimenak garrantzitsuak dira, ez bakarrik obra baliotsu bat iraunarazten dutelako: horrez gain, gure kronika kulturala berrikusteko aukera ematen digute. Denbora luzez, bigarren mailan geratu dira emakume sortzaile asko. Gaur Lourdes Iriondo erreibindikatzea haren ekarpena aitortzea eta gure kulturaren barruan dagokion lekua ematea da", ziurtatu du.

Bestalde, Alex Gurrutxaga eta Lorea Jainaga liburuen arduradunek azaldu dutenez, "euskal literatura sistema modernoa sortu gabe zegoen oraindik 1970eko hamarkadan. Frankismoa, berriz, bizi-bizirik. Egoera zail hartan, kantagintzan eta haur literaturan ekarpen izugarria egin zuen Lourdes Iriondok, ondorengoentzat bidea urratuz".

1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarriz.

"Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz", azaldu dute.

Hain zuzen, Lourdes Iriondok haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak biltzen ditu edizio berriak, baita argitaratu gabeko 'Fabrika berria' antzezlana ere. "Liburuok esker emate bat dira sortzailearentzat, eta opari bat gaurko irakurleontzat", gaineratu dute.

LOURDES IRIONDO

Lourdes Iriondok (Donostia, 1937 - Urnieta, 2005) funtsezko eginkizuna izan zuen euskal kulturaren modernizazioan. Abeslari, idazle eta pedagogo, aktiboki parte hartu zuen bere garaiko kulturgintzan eta ekarpen erabakigarria egin zion euskarazko haur eta gazte literaturaren garapenari, euskal literatura sistema oraindik eraikitzeko bidean zegoenean.

1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak

Bere literatura lana, 1973 eta 1982 artean argitaratua, sakabanatuta, katalogoz kanpo eta, neurri handi batean, publikoaren irispidetik kanpo zegoen. Edizio berri honetan, Iriondok urte haietan argitaratutako ipuin eta antzezlan guztiak bildu dira, argitalpen lan zaindua eginez: testuen euskara eguneratu eta idazketa berrikusi da, beti ere, jatorrizkoarekiko leialtasunik handiena gordez.

Argitalpenetan jasotako lanen artean daude, besteak beste, 'Hego-haizearen ipuinak' (1973), 'Asto baten malura' (1975) edo 'Lotara joateko ipuinak' (1982), baita zenbait antzerki lan ere, hala nola 'Martin Arotza eta Jaun Deabrua', 'Sendagile maltzurra', 'Buruntza azpian' edo 'Txorien baratza'. Edizioan, gainera, lehen aldiz jaso da 'Fabrika berria' antzezlana, 1977an estreinatua.

Argitalpenak Maite Gurrutxagaren ilustrazioak eta Juan Kruz Igerabideren hitzaurrea ditu, eta Jose Luis Aranguren 'Txiliku' arduratu da hizkuntza berrikusteaz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du lanak.