Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasunaren aldeko gizonezko politikarien euskal sarea sortzea bultzatu du, Gizonduz ekimenaren esparruan, eta astelehen honetan aurkeztu du proposamena 'Berdintasunaren aldeko gizon politikoak. Berdintasunaren aurkako inboluzioaren testuinguru globaleko esperientziak eta proposamenak' izeneko jardunaldian, Gasteizen.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ireki du Emakundek Gizonduz gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko euskal zerbitzuaren esparruan antolatutako topaketa, eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Emakumeen Institutuko zuzendari Cristina Hernandezek ere parte hartu dute, besteak beste.
Jardunaldiaren helburu nagusia berdintasunaren aldeko gizonezko politikarien euskal sare bat sortzeko proposamena ezagutaraztea izan da. Ekimenaren helburua da Gizonduz programaren esparruan 2017tik berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa, prestakuntza eta ekintza sustatzeko 'Berdintasunaren aldeko gizon politikoak' proiektuarekin garatzen ari den lana bideratzea. Dagoeneko 500 gizon inguruk parte hartu dute horretarako berariaz diseinatutako jardueretan.
Imanol Pradalesek nabarmendu duenez, "emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea guztion zeregina da, gizabanakoena, gizarte eragileena, erakundeena. Baina horretan, gizonok erantzukizun berezia dugu, pribilegio batzuk ditugulako kolektibitate gisa".
"Erantzukizun handia dugu. Eta erantzukizun politikoak ditugun gizonok bereziki jabetu behar gara horretaz. Erabakitzeko guneetan eragiteko eta erreferente positiboak sortzeko gaitasuna dugulako. Lidergo berdinzale, partekatu eta justu baten erreferenteak" gaineratu du.
Era berean, Pradalesek azpimarratu du berdintasunezko gizarte baterantz aurrera egiteko garrantzitsua dela ordezkari politiko kontzientziatuak, prestatuak eta konprometituak izatea.
Bestalde, Miren Elgarrestaren iritziz, "funtsezkoa da gizonekin politikan lan egitea, erreferenteak direlako beren eremuetan eta erabakiak hartzeko guneetan parte hartzen dutelako, are gehiago, lidergo maskulino autokratikoak protagonista dituen erreakzio antifeminista eta antidemokratikoaren testuinguru global batean".
SAREA
Berdintasunaren aldeko gizonezko politikarien euskal sarea emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako elkartrukerako eta ekintzarako espazio diskretu eta seguru gisa planteatu da, gizonek politikan dituzten beharretara egokituta eta haien aniztasuna kontuan hartuta. Gainera, Gizonduz 2030 Estrategian aurreikusitako ildoetako bat da, Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez.
Halaber, ekimenaren ibilbidea aipatu du: "Gizonak berdintasunarekin lotutako ekintzetan inplikatzeko lan handia egin behar izan da", baina aurrerapen handiak lortu dira "eta gaur egun gizonen artean eskaera handiagoa dago, duela 19 urte baino, berdintasunari buruzko prestakuntza jasotzeko".
EAEko erakunde publiko batean kargu politiko bat duen edozein gizon atxiki ahal izango zaio sareari, baldin eta berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako jarduerak bultzatzeko edo garatzeko konpromisoa hartzen badu. Urtean, gutxienez osoko bilkura bat egitea aurreikusi da, Emakundek koordinatuta. Horrez gain, sentsibilizazio jarduerak, esperientzien trukea eta prestakuntza ere egingo dira.
Topaketan, hitzaldi bat eman du Jose Campi-Portaluppi Equimundo Maskulinitateen eta Justizia Sozialaren Zentroko Komunikazio eta Dibulgazio zuzendariak, eta Sarajevoko Tresna ere ezagutarazi da, gizon politikoak genero berdintasunaren lorpenean inplikatzeko, bai eta esparru politikoan berdintasunaren aldeko lanean izandako hainbat esperientzia ere, gizarte zibileko erakundeen ekarpenez gain.
Berdintasunaren aurkako nazioarteko erreakzioari buruzko hausnarketa Eusko Legebiltzarrera eramango da asteartean, apirilaren 21ean, 'Erakunde demokratikoek berdintasunaren aurkako inboluzioaren testuinguru global batean duten zeregina' izenburuko eztabaida mahaiarekin. Bakartxo Tejeria presidenteak aurkeztuko du, eta Miren Elgarresta eta Cristina Hernandez ere bertan izango dira.