Merkataritza eta ostalaritzako langileentzako gaztelania-euskara hiztegia argitaratu du Donostiako Udalak
Guztira, 3.000 ale argitaratu dira eta doan banatuko dira
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritzako eta ostalaritzako langileei zuzendutako gaztelania-euskara hiztegia argitaratu du, sektoreotan lan egiten duten eta euskara ulertzen ez duten langileei tresna praktikoa eskaintzeko euskara ulertu eta erabiltzen hasteko.
Izan ere, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, gero eta pertsona migrante gehiago ari da lanean sektoreotan eta horientzat hiztegia euskarara hurbiltzeko tresna lagungarria izatea da asmoa.
Donostiako biztanleen %47k euskaraz hitz egiten daki eta beste %21ek euskara ulertzen du. Euskara dakiten bezeroek, oro har, arreta euskaraz jasotzea eskertzen dute euskarak gertutasuna eta konfiantza transmititzen baitie. Gainera, bezeroek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea dute.
"Hori dela eta, garrantzitsua da sektorean jendaurrean lanean ari diren eta euskara ez dakiten langileek euskarazko oinarrizko hitz edo esaldi batzuk ulertu eta erabiltzen hastea", adierazi dute Donostiako Udaletik.
Egunerokoan ostalaritzan erabiltzen diren hitz eta esamolde oinarrizkoenak jasotzen ditu hiztegiak, eta sei ataletan banatuta dago: 'Agurrak', 'Tabernan', 'Jangelan', 'Ohiko esaldiak', 'Ordaindu eta kobratu', 'Zenbakiak' eta 'Agurtzeko esamoldeak'. Formatuari dagokionez, poltsikorako hiztegi txikia da, praktikoa eta une oro eskura izateko modukoa.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 300 bat ostalaritza establezimendu bisitatuko ditu apirilean eta maiatzean, martxan dituen zerbitzu eta laguntzen berri eman eta hiztegi berria aurkezteko. Parte Zaharra, Altza, Bidebieta, Herrera, Intxaurrondo eta Antiguako tabernak bisitatuko ditu lehen fasean.
Guztira, 3.000 ale argitaratu dira eta doan banatuko dira. Era berean, hiztegia eskuragarri egongo da nahi duen herritar ororentzat Udal Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza 2, behea) eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean PDF formatuan deskargatzeko moduan ere izango da.
Temas
Más en Sociedad
-
Sin restos biológicos entre las muestras del sótano investigado por el caso Esther López
-
La instructora recaba este viernes más declaraciones sobre el suceso de El Bocal
-
Mata a su expareja y luego se suicida ahorcándose en Toledo
-
Sanidad y el Comité de Huelga rompen a escasos días de otra semana de paros