Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2027. urteko lan egutegia onartu du astearte honetan, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren proposamenez, eta horrela, martxoaren 19ko jaieguna urriaren 7ra aldatuko da datorren urtean, Euskadiko lehen Gobernua eratu zeneko 90. urteurrena dela eta.
Hain zuzen, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadin, 2027an, lan egutegiak hurrengo 12 jaiegun hauek izango ditu: urtarrilak 1 (Urteberri eguna) eta 6 (Errege eguna), martxoak 25 (Ostegun santua), 26 (Ostiral santua) eta 29 (Pazko Astelehena), maiatzak 1 (Langilearen Eguna), urriak 7 (Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena) eta 12 (Espainiako Jai Nazionala), azaroak 1 (Domu Santu eguna), eta abenduak 6 (Espainiako Konstituzioaren eguna), 8 (Sortzez Garbia) eta 25 (Eguberri eguna).
Egun horiei guztiei beste bi jaiegun gehitu behar zaizkie, udalei dagozkienak, eta udalok hilabeteko epea izango dute proposamenak egiteko, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen denetik kontatzen hasita.
ARABA
Bestalde, Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñun euskarazko tokiko edo eskualdeko komunikazio proiektuak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du astearte honetan Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak, 2026ko ekitaldirako, eta 322.504 euroko zuzkidura du gehienez, euskara hutsean argitaratzen diren tokiko edo eskualdeko hedabideak landu, ekoiztu eta hedatzen laguntzea helburu.
Foru erakundearen arabera, laguntzak Araban edo Trebiñun egoitza edo egoitza soziala eta fiskala duten pertsona juridikoentzat dira, tokiko edo eskualdeko komunikabideen titularrak badira. Diruz lagundu ahal izango dira paperean eta edizio digitalean garatzen diren proiektuak, bai eta jarduera digitala duten audio proiektuak ere.