Getxoko Komiki Azokak aurtengo edizioko data atzeratu du eta urriaren 16tik 18ra bitarte ospatuko da, San Diego-Comic Con Malaga jaialdiarekin bat ez egiteko. Ohi bezala, azokak 40 saltoki, izen handiko artistak eta egitarau anitza eskainiko ditu hiru egunetan zehar, Getxoko Udaletik jakinarazi dutenez.

Aurten, merkataritza gunea Bizkaiko herriko hiru lekutan banatuko da, eta 40 saltokietan sektoreko liburu denda, argitaletxe eta fanzineak bilduko dira Areetako Geltokia plazan, Ibaiondo kalean eta Romoko Santa Eugenia plazan. Horrela, Santa Eugenia kalean jendearen zirkulazioa erraztuko da modu egokiagoan.

Ohi bezala, publikoak azken nobedadeak erosteko aukera izango du, baita bildumako komikiak, askotariko produktuak eta komikiaren eta ilustrazioaren munduarekin lotutako beste artikulu batzuk ere.

Romo Kultur Etxean azokaren ekintza programa egingo da, besteak beste, erakusketa bat, aurkezpen editorialak, hitzaldiak, mahai inguruak, haurrentzako tailerrak eta sinatze txandak eskainiz. Sinatze ekitaldiotan, zaleek beren artista gogokoenengana hurbiltzeko aukera izango dute eta, betiko bezala, horietako biri omenaldia egingo zaie azokaren lehen egunean beren ibilbide profesionala saritzeko. Sari bana emango zaie, bata euskal sortzaileentzat eta bestea estatu mailako artistentzat.

Mende laurdeneko ibilbidera hurbilduz doa Getxoko Komiki Azoka, eta komikigintzaren munduan egonkortu da jada "zaleentzako derrigorrezko hitzordu" bihurtu arte. Ia 24 urtetan zehar, eskaintza komertzial zabala izan du azokak, baita programazio anitza eta kalitatezkoa ere, bineta eta ilustrazio eszenako artista eta aditu ezagunek parte hartu dutelarik.

Azken horien artean, aipatzekoak dira Gilbert Shelton, Guy Delisle, Frederik Peeters, Ibáñez, Kevin O 'Neill, Jordi Bernet, Stuart Immonen, Dave Cooper, Michael Golden, Carlos Giménez, Miguelanxo Prado, Juan Giménez, Víctor Mora, Purita Campos, Jessica Abel, Gabrielle Bell, Paco Roca, Carlos Pacheco, Max edo Salvador Larroca.