Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak kultur sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kulturgune independenteen programak laguntzeko 'Sorgune' izeneko deialdia onartu du astearte honetan, eta 2026. urterako 990.000 euroko aurrekontu saila izango du, iaz baino %43,43 gehiago.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurtengo deialdiak bi aldaketa nagusi ditu: alde batetik, programa bi urterako izatetik, hiru urtekoa izatera pasako da, eta, bestetik, sorkuntza espazioen tipologia berri bat zabaldu da, espazio publiko-pribatua izenekoa.

'Sorgune' deialdiaren helburua kulturgune independenteetako sortzaileen sormen lana garatzen laguntzea da, "arte adierazpenen berrikuntza, talentuaren babesa, kudeaketa parte hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana bideratuz".

Horrela, 990.000 euroko zuzkidura sorkuntza espazioen tipologien arabera banatuko da. Espazio pribatuei dagokienez, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 195.000 eurokoa izango da, eta inola ere ez da onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa izango. Kultur espazio independenteak dira, jabetza pribatukoak, eta kultura-sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten dute.

Espazio publiko-pribatuen tipologia berriari dagokionez, sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten duteN kultur espazio independenteak dira, titulartasun publikokoak, betiere kudeaketa edo ustiapena eskatzaileari badagokio, sorkuntza jardueran autonomia bermatuko duen kudeaketa, lagapen edo alokairu kontratu baten bidez. Espazio mota horretarako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 105.000 eurokoa izango da, eta inola ere ez da izango onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Espazio horiek hartzen dituzten proiektuek honako kultur edo arte jarduera eremu hauetan kokatuta egon beharko dute: arte plastikoak eta bisualak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika eta bertsolaritza.

Era berean, proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garatu beharko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko urriaren 30era bitartean. Interesdunek hilabeteko epea izango dute laguntzok eskatzeko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta gero. Iazko deialdian bost proiektu lagundu ziren diruz, hiru Araban eta bana Bizkaian eta Gipuzkoan.