Euskaltzaindiak iaz zendutako bost euskaltzainak omendu ditu, urteroko ohiturari eutsiz, beraien bizitzak eta euskara eta euskal kulturaren alde eginiko ahaleginak gogoratuz. Ageriko bilkura Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izan da, Donostian, eta ekitaldiaren buru izan dira Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua eta Itxaro Borda euskaltzainburuordea.

Akademiak jakinarazi duenez, Irati G. Rodriguez biola jotzaileak egin du sarrerakoa, Benito Lertxundiren 'Udazken koloretan' interpretatuz, eta ondoren, banan-banan irakurri dira 2025ean hildako euskaltzainen profilak.

Hain zuzen, Xabier Itzainak irakurri du bere aita zen Mixel Itzaina euskaltzain ohorezkoaren txostena; Paulo Agirrebaltzategik Joxe Azurmendi ohorezkoarena; Juan Luis Goikoetxeak Iñaki Sarriugarte ohorezkoarena; Jose Ramon Etxebarriak Martxel Ensunza urgazlearena eta Patxi Salaberrik Koldo Artola ohorezkoarena.

Tarteka, musikariak beste bi pieza interpretatu ditu, hain zuzen, 'Martxa baten lehen notak' (J. Artze eta M. Laboa) eta 'Xalbadorren heriotzean' (Xabier Lete).

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 400 saltokik bat egin dute otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta Elhuyarrek sustatutako 'Otsailaren 11 erakusleihoak' egitasmoaren seigarren aldiarekin, eta emakume zientzialari bati eskainiko diote erakusleihoa.

Elhuyarretik jakinarazi dutenez, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak otsailaren 11 hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.