Emakumeak Zientzian programak hamargarren edizioa izango du aurten, eta, orain arteko ibilbideari ez ezik, etorkizunari ere begiratuko dio, 34 euskal erakunde bilduz "indar kolektiboaren balioa nabarmenduko duen jarduera egitarau zabal bat" antolatzeko. Egitaraua asteartean hasiko da, otsailaren 3an, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldiarekin.
Hain zuzen, antolatzaileek jakinarazi dutenez, 'Marea bizia gara' leloa aukeratuta, erakundeok kolektibotasunaren indarra azpimarratu dute aurtengo edizioan, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karian antolaturiko programan. Zabalik dago jardueretan izena emateko epea www.emakumeakzientzian.eus atarian.
"Elkarrekin mugimendua sortzen duten ekarpen txiki askori esker egiten du aurrera marea biziak. Ez dago pertsona bakar baten mende, ezta ekintza bakar baten mende ere. Eta horixe da, hain zuzen, sarean bultzaturiko Emakumeak Zientzian proiektuaren espiritua: emakumeen parte hartzea bultzatzen du, gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten du, eta estereotipoetatik aldentzen diren bokazio zientifikoak inspiratzeko lan egiten du", adierazi dute antolatzaileek.
Emakumeak Zientzian 2026 programa otsailaren 3tik 11rako astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiagoko programa zabala diseinatu da Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan zehar, erakusteko ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela.
"Konpromiso partekatuak bultzaturik, Emakumeak Zientzian sarea hazi egin da, eta uste irmo batek ere lagundu du hazkunde horretan: aldaketak, posible izateko, kolektiboa izan behar du nahitaez", gaineratu dute Emakumeak Zientzian proiektuaren sustatzaileek.
HAMARGARREN EDIZIOA
Hamargarren edizioa asteartean hasiko da, otsailaren 3an, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, 'Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak' ekitaldiarekin, zeinak hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakume zientzialari nabarmen bilduko baititu. Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendeari zuzendutako jarduerak egingo dituzte.
Otsailaren 11n amaituko dira jarduerak, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere, Donostiako Aquariumean egingo den jai ekitaldi batekin. Amaierako topaketa horretan, gogoeta prozesu baten ondotik eginiko manifestu edo ekintza plan bat partekatuko dute, eta horrek markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko da.