Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak JAI Jardun Artistikoen Institutua prestakuntza programaren zazpigarren edizioa jarri dute martxan, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzarekin, izena emateko deialdia eginez. Eskariak aurkezteko epea 2026ko otsailaren 16ra arte dago zabalik.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarzi dutenez, JAI Jardun Artistikoen Institutuaren 2026ko deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei eta sektoreko eragileei begira antolatu da, eta ez da beste baldintzarik eskatzen parte hartzeko.
Gehienez ere 16 ikasle onartuko dira, ordea, eta, hautaketa prozesuan sartzeko, Artium Museoaren eta Tabakaleraren webguneetan dagoen inprimakia bete behar dute hautagaiek -bertan dituzte deialdiaren oinarriak ere-; inprimakiarekin batera igorri behar dituzte curriculum vitae eta biografia, baita motibazio gutuna eta aurretik eginda dituzten lanen irudien dosier digitala ere.
JAIren ikasketa batzordea arduratuko da 16 parte hartzaileak aukeratzeaz, eta martxoaren 14an jakinaraziko da hautaketaren emaitza. Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Alejandro Cesarco (artista), Catalina Lozano (Artium Museoko komisario burua) eta Oier Etxeberria (Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) dira ikasketa batzordeko kideak.
JAIk zortzi asteko iraupena izango du, artistek artistentzat diseinatutako proposamen pedagogikoetan oinarritzen da eta jarduera artistikoa ulertzeko modu desberdinen arteko elkarrizketa zabaltzeko bitartekoa izan nahi du. Sortu zenetik, mekanika hau planteatzen du programak: irakasleak beren lan prozesuak definitzen dituzten jakintza praktikoak transmititzen saiatzea ikasleei.
IRAKASLEAK
Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990) eta Carla Filipe (Aveiro, 1973) artistek parte hartuko dute irakasle gisa, baita Ibon Aranberri (Itziar, Deba, 1969), Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975) eta Itziar Okariz (Donostia, 1969) artistek ere, tutore gisa.
Prestakuntza saioak 2026ko uztailaren 1etik 26ra izango dira Artium Museoan eta 2026ko abuztuaren 1etik 31ra Tabakaleran; Altzuzako Oteiza Museoan egonaldi bat ere egingo dute, uztailaren 2tik 31ra. Matrikulak 400 euroko prezioa du.
Deialdia otsailaren 16ra egongo da zabalik. Informazio gehiago, deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia www.tabakalera.eus eta www.artium.eus web orrietan eskura daitezke
Hautatutako pertsonei orientazioa emango zaie Gasteizen eta Donostian ostatua bilatzeko; ostatua, dena den, ez dago ikastaroko matrikularen prezioan sartuta. JAIko ikasketa batzordeak gehienez sei beka ematea erabaki ahal izango du, matrikula ordaintzetik salbuestsita egoteko aukera emango dutenak.
Deialdia otsailaren 16ra egongo da zabalik. Informazio gehiago, deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia www.tabakalera.eus eta www.artium.eus web orrietan eskura daitezke.