IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa inauguratu dute Eusko Jaurlaritzak eta IBM konpainiak, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, Donostian. Mota horretako Europako lehenengo instalazioa da, eta hirugarrena mundu osoan.

Aurkezpenean azaldu dutenez, sistema hori instalatzea "mugarria" da bi erakundeen arteko lankidetza estrategikoan. Elkarlana 2023an sortu zen, Euskadi teknologia kuantikoen nazioarteko polo gisa finkatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako BasQ-Basque Quantum ekimenaren baitan.

Ikerbasque fundazioaren eraikin berrian dago sistema, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, eta astearte honetan inauguratu da, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen ekitaldi instituzionalean.

Harekin batera egon dira Jay Gambetta IBM Quantum-eko presidenteordea, Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Horacio Morell IBM Españako presidentea, besteak beste.

BESTE DATU BATZUK

156 qubiteko IBM Quantum Heron prozesadore batek bultzatzen du sistema, eta konpainiak orain arte garatu duen prozesadore kuantiko onenetakoa da. Etorkizunean eskalatu eta hainbat prozesadore integratzeko diseinatuta dago eta, beraz, mugarri teknologikoa da, erabilera eskalako algoritmoak exekutatzeko aukera ematen baitu, simulazio klasikoaren gaitasunak gaindituta.

Bere hitzaldian, Jaurlaritzak ikerketaren, berrikuntzaren eta aurrerapenaren alde egindako apustua nabarmendu du Pradalesek. "Gure tamainaz jakitun, eta arriskatuz, onenen artean aritzea erabaki dugu, beste behin ere

Bere hitzaldian, Jaurlaritzak ikerketaren, berrikuntzaren eta aurrerapenaren alde egindako apustua nabarmendu du Pradalesek. "Gure tamainaz jakitun, eta arriskatuz, onenen artean aritzea erabaki dugu, beste behin ere. Gaur, duela 40 urte baino gehiago hartutako bideari jarraipena emango diogu. Eta arrazoia argi dugu: zientzian benetan sinesten dugulako. Gehiago eta hobeto bizi garelako zientziari esker", esan du.