Arabako Foru Aldundiak luzaroan espero izan den proiektu bat jarri du martxan lurraldeko hirugarren gizarte sektorearen sarearekin lankidetzan: Arabako Bizimodu Independentearen Bulegoa. Zerbitzu berria "mugarri bat" da desgaitasunaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoko lehenengo bulego operatiboa baita.
Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak aurkezpenean azaldu du proiektu "aitzindaria" dela eta "leihatila bakar gisa" sortu dela, "desgaitasuna eta mendekotasun gradua duen edozein pertsonarentzako sarrera ate gisa, baldin eta orientazioa jaso nahi badu, zalantzak argitu nahi baditu edo bizimodu independenterako plan propioa diseinatu nahi badu".
Helburua "behar diren laguntzak" ematea dela gaineratu du, pertsonek beren bizi proiektua berdintasun baldintzetan garatu ahal izan dezaten, halaxe jasotzen baitu Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioak.
Gasteiz Salburu auzoan dagoen baliabide berriaren aurkezpenean Igor Nabarro bulegoko koordinatzaileak eta Beatriz Gonzalez Calvete zentroko psikologoak lagundu diote Urtarani. Isabel Lopez eta Blanca Esther Pinedo Geuk Erabakiz elkarteko ordezkariak ere egon dira; Down Araba-Isabel Orbe eta Eginaren Eginez elkarteek sortu duten elkartea da Geuk Erabakiz, baliabide berria kudeatzeko.
BIZIMODU INDEPENDIENTEA
Bizmodu Independentearen Bulegoak sustatzen duen bizimodu independentearen filosofia autodeterminazioan oinarritzen da, hau da, nola eta non bizi, norekin partekatu bizitza eta zer laguntza behar diren erabakitzeko gaitasunean.
"Bizitza bera gobernatzearen garrantzia aitortzen, errespetatzen eta balioesten duen" paradigma aldaketa dakar ikusegi horrek
Nabarroren arabera, "bizitza bera gobernatzearen garrantzia aitortzen, errespetatzen eta balioesten duen" paradigma aldaketa dakar ikusegi horrek. Halaber, "desgaitasuna, mendekotasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonekiko aurreiritziak eta estigmak desagerrarazteko lanean" arreta eta harreman eredu horrek duen garrantzia nabarmendu du.
Urtaranek eta Nabarrok azaldu dute eredu hori elkarlanean eraiki dutela Arabako Foru Aldundiak eta hirugarren sektoreko erakundeek, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta haien ordezkarien parte hartze aktiboarekin. Baterako lan horren ondorioz, Arabako Bizitza Independenterako Laguntzen Eredua formulatu da, eta, orain, Bizimodu Independentearen Bulegoan gauzatuko da.