Elhuyarrek Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehenbiziko plataforma sortu du, hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuaren baitan.
Horrela, Elhuyarretik nabarmendu dutenez, ikus-entzunezko bat beste hizkuntza batera automatikoki bikoiztea "oso erraza" izango da aurrerantzean, nahikoa izango baita edukia igo, helburuko hizkuntzara itzuli eta bikoizteko aukerari klik egitea.
Transkribapenak zein azpitituluak automatikoki itzultzeko aukera emango du, eta erabiltzaileak horiek bistaratu eta moldatzeko aukera izango du
Gainera, erabiltzaileak une oro ikusi ahal izango du sortzen ari den emaitza, eta, beharren arabera, emaitza horiek aldatzeko aukera izango du prozesuko urrats bakoitzean.
Bikoizketa egiteko aukera horiek guztiak Aditu plataformak eskainiko ditu hemendik aurrera, eta horrela, azpitituluak sortzeko plataforma izatetik bikoizketa automatikoa eskaintzera pasatuko da.
Aditu plataformaren helburua izango da ikus- entzunezko eleaniztunak sortzeko prozesua erraztea, eta horretarako, hainbat aukera berri gehitu dira, hala nola ahotsa imitatzeko aukera eta azpitituluak ahots bihurtzeko aukera.
ADITUK
Modu honetan, Adituk hiru erabilera nagusi izango ditu aurrerantzean. Alde batetik, bideoen eta audioen transkribapenak eta azpitituluak automatikoki sortzeko eta horiek lantzeko aukera eskainiko du.
Beste alde batetik, transkribapenak zein azpitituluak automatikoki itzultzeko aukera emango du, eta erabiltzaileak horiek bistaratu eta moldatzeko aukera izango du.
Hirugarrenik, Adituk bikoizketa egiteko aukera emango du, eta helburuko ahotsa sortzeko, gainera, hainbat aukera agertuko dira: hizlari bakoitzarentzat ahots bat hautatzekoa (Elhuyarrek aurrez sortutako ahotsak dira), jatorrizko ahotsa imitatzekoa edo atzeko audioa mantendu edo kentzekoa.
Aditu gero eta eremu gehiagotan erabil daitekeen plataforma da, besteak beste, ikus-entzunezkoen produkzioan, edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan eta enpresetan, komunikazio aukera berriak sortzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako plataformak punta-puntako teknologia erabiltzen du, etengabe eguneratzen den teknologia. Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ere bereziki zaintzen ditu, eduki guztiak modu konfidentzialean tratatzen baitira.