Surbisa Bilboko Berregokipenerako Udal Hirigintza Elkartearen 40. urteurrenaren erakusketa Bilboko metroaren Abandoko geltokitik Santutxukora lekualdatuko dute asteartean, irailaren 2an, Karmelo kaleko irteerara, hain zuzen ere. 40 urte... Bilbo hobetuz izenburupean, erakusketak hirian egindako esku hartze nagusietako batzuk errepasatzen ditu, eta irailaren 30era arte bisitatu ahal izango da Santutxun.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Surbisak bizitegi ondare eraikiaren kontserbazioa sustatzen du hiri birgaitzearen eta berroneratzearen bidez. Udal sozietatea 1985ean sortu zen Zazpikaleak oneratzeko asmoz, bi urte lehenago izandako uholdeek larriki erasan baitzuten auzoa, eta 2005etik hiri osoan jarduten du, andeatze fisikoaren eta sozialaren araberako lehentasunei jarraituz.

Erakusketan hamar panel bisual daude eta elkarteak lau hamarkadotan Bilboko hainbat gunetan sustatu dituen jarduketa nagusietako batzuk gogoratzen dituzte, hala nola auzoak lehengoratzea, biziberritzea eta birgaitzea, hiri berroneratzea, energia eraginkortasuna, irisgarritasuna eta birnaturalizatzeko espazioak. Erakusketa Zazpikaleetako eta Abandoko geltokietan egon da Santutxura iritsi aurretik.

Erakusketaren hasieran birgaitzeko hirigintza sozietatea aurkezten da. Elkartearen lehen helburua Zazpikaleen birgaitze integrala izan zen, 1983an izandako uholdeek asko eragin baitzuten auzoa.

Hurrengo urteetan beste eremu batzuetara zabaldu zen udal sozietatearen jarduketa eremua: 1994an Bilbo Zaharrera eta 2002an Trenbideko Langileen auzora. Surbisa 2005ean hasi zen hiriko eremu gehiagotan jarduten, eta ordutik hainbat lekutan esku hartu du, hala nola Artatzu Bekoan (2005), Otxarkoagan (2008), Zorrotzaurren (2009), Gurutze auzoan eta Salazar Jeneralaren eraikin multzoan (2010), Olabeagan (2013), Iralan (2015), Zazpilandan (2016) eta Uretamendin eta Uribarrin (2023).