Nekatur Euskadiko landa ostatuen elkartera atxikitako establezimenduek %80ko okupazioa izan dute batez beste abuztuan, 2021eko hil berean lortutako %72,61eko marka gaindituz.
Elkarteak emandako datuen arabera, Arabako landa ostatuen okupazioa %73,67koa izan da, 2024an baino %10 puntu gehiago. Eskualdeka, Gasteizen izan da okupaziorik handiena (%88,39), eta ondoren Aiaran eta Arabako Haranetan (%80 baino zertxobait gehiago bietan).
Bizkaian, okupazioa %81,11koa izan da abuztuan, aurreko urtean baino %3 puntu gehiago, eta Urdaibai (%92) eta Enkarterri (%90) izan dira okupazio ehuneko handienak izan dituzten eskualdeak.
Gipuzkoan, berriz, okupazioa iazko abuztukoaren antzekoa izan da, %87 baino pixka bat gehiagorekin. Debabarrena eta Oarsoaldea ia %93ko okupaziora iritsi dira, eta Urola Kosta %90 ingurura.
Nekaturrek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) landa ostatuaren %61 baino gehiago hartzen du bere baitan, eta mota horretako 222 ostatu ditu bazkide. Elkarteko establezimenduek 2.596 plaza eskaintzen dituzte: 449 Araban (42 ostatutan banatuta), 652 Bizkaian (54 ostatutan banatuta) eta 1.495 Gipuzkoan (126 ostatutan banatuta).
BESTE DATU BATZUK
Bestalde, 2025eko uztailean, Euskal AEko landetxeetan sarrerak % 1,6 jaitsi dira, aurreko urteko hil berarekin alderatuta, eta ostatu-gauak, berriz, % 3,7 igo dira, Eustatek landutako datuen arabera. Urte arteko aldakuntza horiekin, uztailean 23.652 sarrera izan dira eta ostatu-gauak, berriz, 76.044 guztira.
Aurreko urteko uztailarekin alderatuta % 11,0 gora egin ondoren, atzerriko bisitarien sarrerak Euskal AEko landetxeetan izandako sarrera guztien % 35,7 izan dira. Bestalde, atzerritar jatorrikoen ostatu-gauak guztizkoaren % 35,6 izan dira, 2024ko uztailarekin alderatuta % 27,3 gora egin ondoren.
Lurralde historikoen arabera, 2025eko uztailean, sarrerek % 2,6 egin dute gora Araban, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, % 1,7 eta % 2,9 egin dute behera, hurrenez hurren. Ostatu-gauei dagokienez, % 7,5 egin dute gora Gipuzkoan eta % 0,3 egin dute behera Araban eta % 1,3 Bizkaian.
Euskal AEko mota horretako establezimenduetako batez besteko egonaldia (1) 3,22 egunekoa izan da 2024ko uztailean, 2024ko uztailean izandako 3,05 egunekoa baino luzeagoa.
Plazen eta logelen okupazio-mailek urtetik urterako ehuneko 1,9ko eta 2,7ko igoera izan dute, hurrenez hurren, eta plazen arabera neurtuta % 52,6koa izan da eta logelen arabera neurtuta % 58,7koa.