Donostiako Udala egoiliar baimena duten ibilgailuak identifikatzeko 17.000 bereizgarri baino gehiago bidaltzen hasi da astelehen honetan TAO guneetan aparkatzeko baimena dutenei eta mugikortasun murriztua dutenei.

Izan ere, bereizgarri hori nahitaezkoa izango da urriaren 1etik aurrera, zaintza lanak errazte aldera, trafikoa eta aparkalekua salbuespenezko egoeretan arautu behar direnean. Berritasun garrantzitsu eta berehalakoetako bat da Donostiako Udalak hiriko lur gaineko aparkalekuak arautzeko sisteman ezarriko dituen aldaketen baitan.

Donostiako Udaletik gogorarazi dutenez, 2023an erabaki zen bereizgarria kentzea, administrazio eragozpenak sortzen zituelako eta araututako eremuak beste baliabide batzuen bidez zaintzeko gaitasun teknikoa bazelako.

Halere, neurria ebaluatu ondoren, erabaki da bereizgarria erabiltzeak beste kontrol mota batzuk errazten dituela mugikortasun agenteek edo udaltzainek ibilgailuak azkar eta arin identifikatu behar dituzten egoeretan (trafiko mugatuko egoerak, auto ilarak, ekitaldiak eta abar).

Horrela, astelehen honetan hasi eta hilabete osoan zehar, egoiliarren TAO duten 17.000 donostiarrek komunikazio pertsonalizatua jasoko dute etxean, eta horrekin batera helaraziko zaie txartel berria.

Ibilgailuan aurreko urteetako bereizgarriren bat jarrita badago, kendu egin beharko da eta itsasgarri berria ibilgailuaren haizetakoaren beheko eskuineko angeluan itsatsi, kanpotik erraz ikusteko moduan egon dadin urriaren 1a baino lehen. Horrela, hiriko txartel guztien diseinua homogeneizatu eta iruzurrezko erabilera saihestuko da.