Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro dantzarien kooperatibak Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa antolatu Durangon urriaren 4rako, Durangoko Udalarekin lankidetzan, erromeriaren kontzeptu guztiak batzeko asmoz eta egun osoko egitarauarekin.
Antolatzaileek nabarmendu dute publiko guztiei zuzendutako ikuskizunak eta ekintzak izango direla: "Bizkaiko Erromeria Egunak ez du soilik dantzariak edo musikariak diren horientzako eguna izan gura, gure musika eta dantzarekin gozatu nahi duen orok izango du tokia hemen, modu aktiboan parte hartuz zein ikus-entzule soil izanez".
Bereziki Landako gunean izango dira ekitaldiak, baina baita alboko Ibaizabal parkean eta bertako auzunean, Musika Eskolan eta bere inguruan, eta Plateruena antzokian ere.
Erromeriaren "hamaika aurpegi eta formatu" izango dira, hala nola dantza plaza Aiko taldearekin, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldearekin edota Larrain Dantza herrikoia Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroekin. Era berean, herri bazkariaren ondoren, Luhartz taldekoekin kantuan ariko helduak, eta 'Goazen' telesaileko aktoreek gazteentzako kantaldia eskainiko dute.
Gainera, "erromerien sorburuetara" ere joango direla azaldu dute. Garairen esanetan, "orain ehunka urte gure aurreko belaunaldiek erromeriez gozatzen zuten txistulari eta tanborreru bakarrarekin, beranduago alboka eta pandero jole banarekin, eta ostean etorri zen trikitixa gure plazetara, bikote formatu xumeetan".
Gaur egun bizirik dauden formatuak dira guztiak, eta instrumentu horietan guztietan erreferenteak diren musikariak izango dira oholtzan: Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak, eta aspaldiko partez berriz elkartu dituzten Zabaleta eta Motriku trikitilari historikoak.
ERROMERIA EGUNA
Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa gazteentzako erromeriarekin amaituko da, formatu elektroniko eta handiagoekin, 20:00etan, eta Euskal Herri osotik plazarik plaza dabiltzan lau erromeria talde bizkaitar igoko dira Plateruenako oholtzara: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik.
Gainera, erromerien inguruko hitzaldi, tailer, puzgarri eta kale animazioek osatuko dute Bizkaiko Erromeria Egunaren programa egun osoan zehar.