"Jaietan gozatu zuk ere!" lelopean, Bilboko Udalak abuztuaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den Aste Nagusian pertsona guztiek aukera-berdintasunean gozatzeko eredu irisgarri eta inklusibo baten aldeko apustua egin du aurten ere.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, adibide esanguratsuenetako bat Txikigunea da, Casilda Iturrizar parkean dagoen umeentzako espazioa, abuztuaren 17tik 24ra. Jolaserako eta irudimenerako pentsatutako ingurune horrek dibertsitate funtzionala daukaten haurrentzat egokitutako jarduerak izango ditu, eta begiraleek desgaitasuna daukaten pertsonei arreta emateko prestakuntza eta berdintasunaren arloko prestakuntza izango dute.

Horien artean, premia bereziak dauzkaten pertsonek lehentasunezko sarbide-txartela izango dute, informazio-etxolan eskatu behar dena. Puntu horretan bertan, zeinu-hizkuntzako interpreteari buruz galde daiteke, eta hura eskuragarri egongo da behar duten familientzat. Era berean, ipuin-kontalaria egongo da, zeinu-hizkuntzako interpreteak lagunduta.

Abuztuaren 17tik abuztuaren 24ra, 19:30etik aurrera, zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da emanaldietan, hala behar izanez gero, entzuteko desgaitasuna daukaten pertsonek kulturara eskuratzeko modua izan dezaten.

Haur parkera hurbiltzen diren pertsona guztiek Aste Nagusiko bi pertsonaia sinbolikoz gozatzeko aukera izan dezaten, neurriak hartuko dira: Gargantuak arrapala bat dauka mugikortasun urriko umeentzat, eta Marijaiaren tamaina txikiko erreprodukzio berezia izango da, ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.

Gainera, Txikiguneak soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarteak ere izango ditu espektro autistaren nahasmendua (AEN) duten pertsonentzat. Abuztuaren 19an, asteartea, 16:30etik 20:00etara, eta abuztuaren 20an, asteazkena, 11:00etatik 14:30era izango dira tarteak. Ordu horietan giroa lasaiagoa izango da eta espazioaz erosoago gozatu ahal izango da.

Haurrentzako guneak lurzoru bereziak izango ditu ura edo lursail irregularra duten jarduera batzuetan, eta Txu-Txu trenean sartzeko arrapala eta haur-orgak eramateko espazioa egongo da.

Jaietan familientzako beste jarduera adierazgarri batzuek ere irisgarritasun-neurriak izango dituzte, Balearen Desfilearen kasua, adibidez. Berriro ere bidearen zati espezifiko bat erreserbatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean, desgaitasuna daukaten adingabeentzat.