Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abuztuaren 7an karabela portugaldarraren 7 ziztada kasu egon zirela baieztatu du, guztiak Bizkaiko hondartzetan. Kasue horietatik, 4 pertsona Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren osasun-arreta behar zutelako, horietako 2 Euskadiko osasun-zentro eta ospitaleetara eraman zituzten, eta beste biak tokian bertan artatu ziren.

Jaurlaritzaren esanetan, kasu hauetarako protokolo bereziaren arabera, bandera horia eta marmoken logotipoa duen bandera ipintzeaz gain megafoniaz bainu eremuan karabela portugesa begiztatu dela ohartarazi eta zuhurtzuaz bainatzeko eskatzen da. Egoeraren arabera horia beharrean badera gorria jarri eta bainatzea debekatu daiteke. Dena den marmokak edo karabela portugaldarrak badaude bainurik ez hartzea komeni da.

Hainbat gomendio eman ditu Osasun Sailak egoera hauetarako: marmoka edo karabela portugaldar batek ziztatzen bazaitu sorosleengana joan lehenbailehen, ez egin hazka, eta ez igurtzi hozka egindako lekuan. Itsasoko urarekin garbitu, sekula ez ur gezarekin. Hondarrak pintza batekin kendu, eskuarekin ez eskularruak ez badituzu. Eta hotza ona denez, hozkaren gainean izotz poltsa bat ipini dezakezu.

Irungo ertzainek, abuztuaren 3an etxebizitza batean etxeko bizilagunak barruan zeuden bitartean indarra erabiliz egindako lapurretaren egilea atxilotu zuten asteazkenean, abuztuaren 6an, Irunen. Halaber, eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, azken asteotan gertatutako antzeko beste zazpi gertakarirengatik.

Ertzaintzak jakinarazi duen moduan, hainbat salaketaren bidez jakin zuten azken asteetan indarra erabiliz lapurretak egin zituztela Irungo hainbat etxetan. Lapurreta horietako gehienak etxekoak barruan lo zeudela gertatu ziren, eta hainbat objektu lapurtu zituzten, hala nola jantziak, telefono mugikor bat eta bizikleta bat.

Horren ondorioz hasitako polizia-ikerketaren bidez argitu ahal izan zuten lapurretak eskalatze modalitatearen bidez egin zirela, eta lapurreten egilea polizia-aurrekariak zituen 23 urteko gizon bat zela.