Bilboko Portuko Agintaritzak 11.485.691 euroren truke esleitu ditu Portuko OPS sisteman integratutako instalazio fotovoltaikoen ingeniaritza proiektuaren lanak eta Instalazioaren eragiketa eta mantentze zerbitzu integrala ere. Obrak egiteko epea 18 hilabetekoa da.

Portu erakundeak jakinarazi duenez, Viuda de Sainz S.L., Radimer Servicios Energéticos S.L., Achiles Ingeniería Fotovoltaica S.L. eta Solar 360 de Repsol y Movistar S.L. konpainiek osatutako aldi baterako enpresen batasunak lortu du espeilena.

Funtsean, kontratatutako jarduerak lau eguzki instalazio fotovoltaiko egiteko izango dira, portuko zerbitzu eremuaren barruan: Zierbenako dikean 809,6 KWp-eko potentzia instalatua, Santurtziko kontradikean 494,36 KWp-eko potentzia instalatua, A-6 kaiko ferryen itsas estazioko aurreontziratze eremuan 42.424,4 KWp-eko potentzia instalatua, eta turismoentzako aparkalekuan Getxoko Olatua gurutzaontzi terminalean 527,12 KWp-ko potentzia instalatuarekin.

Gainera, obrak egin ondoren, sortutako instalazioaren eragiketa eta mantentze zerbitzu integrala bi urtez egitea ere sartzen da esleipenean, eta epe hori gehienez beste urtebetez luza daiteke.

Bilboko Portuko Agintaritza BilbOPS proiektua zabaltzen ari da. Proiektu horren bidez, ontzien konexio elektrikoa egin ahal izango da, hasierako konfigurazioan eta ro-ro eta ro-pax edukiontzi eta gurutzaontzi terminaletan, On-shore Power Supply sistemen bidez.

Era berean, proiektu integralean, Bilboko Portuan energia berriztagarria sortzeko hainbat jarduera aurreikusten dira, OPS sistema energia elektrikoz hornitzeko, hala nola esleipenaren xede diren instalazio fotovoltaikoak.

Ekimenak banaketa elektrikoa eta sorkuntza berriztagarria uztartzen ditu eta 11 konexio puntu eta 30 MW-eko potentzia ditu. Lehen fasea 2026aren hasieran amaituko da, 4,7 milioi euroko inbertsioarekin eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 3,9 milioi euroko diru laguntzarekin.

Bigarren fasea 2025ean hasi zen eta 2027an amaituko da. 50,1 milioi euroko aurrekontua du; zati batean 'Europa Konektatu' mekanismoak (CEF funtsak) finantzatzen du, eta gainerakoa Bilboko Portuko Agintaritzaren funts propioek. Era berean, Europako Inbertsio Bankuarekin 80 milioi euroko mailegua sinatu da, eta horren zati bat proiektu hori finantzatzeko erabiliko da.

Itsasontziei emango zaien energia elektriko hori jatorri berriztagarrikoa izango da 2027tik aurrera, eta konpainia banatzaileak hornituko du portuko instalazio elektrikoen bidez edo Bilboko Portuaren sorkuntza propioaren bidez.