AET Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE, gaztelaniazko siglekin) oraindik ez dituela legeak euskaraz argitaratzen, katalanez jada egiten duen arren.

Taldeak prentsa ohar batean gogorarazi duenez, Espainiako Diputatuen Kongresuak behin betiko onartzen dituen lege testuak euskaraz zinezko bertsioan argitaratzeko aukera Ganberaren erregelamenduaren aldaketan jaso zela.

Horren harira, Diputatuen Kongresuak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten 2024ko abenduaren 3an, baina Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du Gorte Nagusien Aldizkari Ofizialak eta BOEk segitzen dutela lege testuak euskaraz argitaratu gabe.

"Are deigarriagoa, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartzen dituzten legeak, euskaraz ere idatzita egon arren, zergatik argitaratzen dituzte gaztelania hutsean BOEn?", galdetu du

"Euskaltzaindiak erantzun digunez, testuak jasotzeko sistema eta itzulpenak bideratzeko prozesua zehazten ari da, baina bitartean euskaldunok testuok gaztelaniaz irakurtzen jarraitu behar dugu", adierazi du.

EUSKO JAURLARITZA

Era berean, gogorarazi du 2011ko urriaren 11n sinatu zuela Eusko Jaurlaritzak Kataluniak sinatutakoaren tankerako hitzarmena, baina, horren indarraldia amaitu ostean, ohartarazi du ez dela berririk sinatu eta ez dela urratsik eman "eragiten diguten arauak euskaraz argitara daitezen".

"Are deigarriagoa, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartzen dituzten legeak, euskaraz ere idatzita egon arren, zergatik argitaratzen dituzte gaztelania hutsean BOEn?", galdetu du.

Azkenik, Administrazioan Euskaraz Taldeak ziurtatu du "gaia astintzen" jarraituko dutela, "lege guztiak euskaraz ere argitara ditzatela lortu arte".