Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi eta sentsibilitate ezberdinetako 200dik gora alkate eta udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkari nagusiek agerraldia egin dute Bilbon ostegun honetan, uztailaren 24an, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko eta euskararen eta euskal erakundeen erabakimen demokratikoaren alde.
Euskalgintzaren Kontseiluak gogorarazi duenez, joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, Vox alderdi politikoak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez.
Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, besteak beste.
Kontseiluarentzat, "epaia bereziki kezkagarria eta larria da, euskararen normalizazioan aurrera egitea oztopatzen duelako eta udaletatik demokratikoki bideratzen diren hizkuntza politikak mugatzen dituelako".
Gogorarazi du baliogabetutako dekretuak Eusko Legebiltzarrean adostasun zabalez onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzen duela, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi duela gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. "Beraz, epai honek euskal erakundeen erabakimena eta euskal gizartearen borondatea ere jartzen ditu auzitan", ohartarazi du.
Bada, erabakimen demokratiko horren defentsan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 200dik gora alkate eta udal hautetsi, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetakoak, eta euskalgintzako ordezkari nagusiak elkartuko dituen agerraldi bateratua antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Agerraldia 11:00etan izan da, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean, Albia Lorategietan.