Síguenos en redes sociales:

Segurtasuna indartuko dute Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietako ekitaldi jendetsuetan

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak dispositibo bateratu bat koordinatuko dute aurten ere Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren jaietan jende gehien biltzen den ekitaldietan segurtasuna bermatzeko

Segurtasuna indartuko dute Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietako ekitaldi jendetsuetanUtzitakoa

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak dispositibo bateratu bat koordinatuko dute aurten ere Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren jaietan jende gehien biltzen den ekitaldietan segurtasuna bermatzeko.

Operatiboa abuztuaren 3ko arratsaldean hasiko da, Foruen plazan egingo den lehen kontzertu jendetsuan, eta ekitaldi enblematikoek arreta berezia izango dute, hala nola Zeledonen jaitsierak, Egunsentiko Arrosarioak, Farolen Prozesioak eta Zeledon Txikiaren eta Neska Txikiaren jaitsierak.

Jende gehien biltzen den ekintzetan estaldura emateaz gain, bi poliziek elkarlanean jardungo dute batez ere lapurretak eta sexu askatasunaren aurkako delituak prebenitzeko. Bigarren kasuan, patruila aktiboak izango dira arrisku subjektibo eta objektibo handieneko lekuetan eta orduetan, eta arreta berezia jarriko da etxera itzultzeko orduetan eta auzo periferikoetarako ohiko ibilbideetan.

Bi polizien arteko koordinazioa indartzeko, patruila bateratuak antolatuko dira eta bi polizia kidegoen arteko komunikazio kanala irekiko da. Neurri horiek hiriburuko auzoetako jai denboraldia hasi zenetik daude abian.

Alderdi horiek eta beste batzuk izan dituzte hizpide ostegun honetan, Andre Maria Zuriaren jaien aurretik egin ohi den Polizia Koordinaziorako Batzordean, Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren parte hartzearekin.

Udaleko ordezkari gisa, Cesar Fernandez de Landa Segurtasuneko zinegotzia eta José Carlos García Marcos Udaltzaingoko komisarioa ere izan dira bileran, eta Segurtasun Saila ordezkatuz, Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Celedonio Moreno Arabako lurralde burua eta Victor Gutierrez Gasteizko ertzain-etxeko nagusia.