Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu zirkulazioan asteburu honetan Azpeitiko (Gipuzkoa) instalazioetatik Lasaora, lurrun trenaren denboraldi erregularraren baitan.
Euskotrenek jakinarazi duenez, azarora arte larunbatero eta igandero izango dira irteerak, eta asteburu honi dagokionez, trenak 12:00etan eta 17:30ean abiatuko dira larunbatean, uztailaren 5ean, eta 12:00etan igandean, uztailaren 6an.
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren multzo onenetakoa du ikusgai bere instalazioetan, era guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta hainbat motatako bagoiak.
Euskotrenek jakinarazi duenez, azarora arte larunbatero eta igandero izango dira irteerak, eta asteburu honi dagokionez, trenak 12:00etan eta 17:30ean abiatuko dira larunbatean, uztailaren 5ean, eta 12:00etan igandean, uztailaren 6an
Era berean, Euskadiko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.
BIDAIATZEKO AUKERA
Gainera, lurrun makinean bidaiatzeko aukera ematen duen 'Egun batez sugina' jarduera ere martxan dago. Joan-etorriko bidaia osoa da, tren-makina martxan jartzeko behar diren prestakuntza guztiak gertutik ikusi ahal izateko. Segurtasuna bermatzeko behar den prestakuntza eta ekipamendua jasoko da une oro.
Esperientzian parte hartzeak 50 euro balio du, eta interesdunek erreserba egin behar dute museoa@euskotren.eus posta elektronikora idatziz aukeratutako eguna baino 72 ordu lehenago gutxienez.
Burdinbidearen Euskal Museoaren irekiera ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era da udan asteartetik larunbatera, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).