Asier Altuna zinemagile bergararrak urriaren 10ean estreinatuko du 'Karmele' film berria zinema aretoetan. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreak dira "drama historiko eta hunkigarri" honen protagonistak, eta musikak presentzia handia dauka.

Filmaren arduradunek jakinarazi dutenez, filmaren bi protagonista nagusiekin batera, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran ere agertzen dira lanean, besteak beste.

Asier Altunak idatzi eta zuzendu du filma, Kirmen Uribe idazle ondarrutarraren 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eleberrian oinarrituta. Era berean, eleberria Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako bizitzetan inspiratuta dago.

Zuzendariaren beraren hitzetan, "'Karmele' kulturak, musikak eta arteak zipriztindutako bidaia bat da. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldi biltzen dituzten historia familiarrak".

"Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar dien emakume bat da, ausarta eta konprometitua, bere ideiekiko kontsekuentea eta horiek beti irmo defendatzen dituena. 'Karmele'-k askatasun ezaren aurrean pertseberantzia, borroka eta duintasuna zer diren erakusten digu", azaldu du.

ISTORIO EPIKOA

Filmak bikote baten eta haren familiaren "odisea zirraragarri eta iradokitzailea" erakusten du, kontinente batetik bestera jauzian, XX. mendearen lehen erdian. Iragan hurbileko "istorio epiko bat" da, baina, aldi berean, "gaurkotasuna duten gai unibertsal eta atenporalak" ukitzen ditu, hala nola maitasuna, familia, kultura eta askatasuna.

Asier Altunak lau urtetik gorako lana eskaini dio 'Karmele' proiektuari, Marian Fernandez Pascal ekoizle eragilearekin eta Txintxua Films ekoiztetxearen arduradunarekin batera. Zinemagileak bere ohiko lantaldea izan du ondoan: Ander Sistiaga produkzio zuzendaria, Javier Agirre argazki zuzendaria eta Zaloa Ziluaga arte zuzendaria.

Musika filmaren hari garrantzitsua da, eta euskal musika, jazza, boleroak eta guarachak entzungo dira. Soinu banda pertsonaien bidelagun da eta istorioa aberasten du. Aitor Etxebarria da musikaren konpositorea.