Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazteko Gertu Bizkaia programatzaileen sarea jarri dute martxan Bizkaian. BBK Banku Fundazioak sustatu du ekimena Kultura Inklusiboaren aldeko 2024-2030 aldirako Estrategiaren esparruan.

Egitasmoa abiatu da "Bizkaiko kultura eskaintzaz gozatzeko aukera bizkaitar guztiei bermatzeko unea iritsi delako, batez ere oraindik eskaintza horretaz baliatzeko zailtasunak dituztenei", Koldo Bilbao BBK-ko kultura arloko arduradunak aurkezpenean nabarmendu duenez.

Bizkairako Gertu Kultura sarea astelehen honetan aurkeztu da Bilboko BBK Salan, eta, BBK-ko ordezkariaz gain, bertan izan dira Marta Font Gertu Kultura sareko arduraduna, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatua, Bizkaiko Aldundia ordezkatuz, eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Bilboko Udalaren izenean.

Izan ere, bi herri erakundeek proiektua babestu dute, kultura aldaketarako benetako motorra izan dadin, "ezinbestekoa" delako kolektibo zaurgarriak publiko berri gisa sartzea.

Agerraldian azaldu dutenez, Gertu Kultura sarearen funtzionamendua erraza da. www.gertukultura.org/bizkaia doako plataformaren bidez, edozein zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte erakundeek sarrerak erreserba ditzakete artatzen dituzten gizataldeentzat.

Gainera, ekimenaren lehen fasean bat egin duten 21 kultura programatzaile publiko eta pribatuek eta aurki batuko diren guztiek prezio merkean eskainiko dituzte beren ohiko jarduerak (gutxienez %2ko edukiera erreserbarekin), baita ekitaldi espezifikoak, sartzeko lehentasuna, laguntza tresnak edota prestakuntza artistikoa ere.

Arriaga Antzokia, Euskalduna Bilbao Jauregia, BBK Sala, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Rekalde Aretoa, Arrantzaleen Museoa, El Pobal Burdinola edota Txakoligunea dira egitasmoareklin bat eginm duten kultureguneetako batzuk, eta asmoa da zerrenda etengabe handitzea.

"BBK Banku Fundaziotik pixkanaka kultura sektore osoa inplikatu nahi dugu inklusioaren aldeko ezinbesteko konpromiso honetan", esan du Bilbaok.