Donostiako Udalak ate irekien jardunaldiak antolatuko ditu laugarren urtez maiatzaren 1, 2, 3 eta 4an, udaletxea herritarrei hurbiltzeko eta hiriko eraikinik enblematiko eta maitatuenetako bat balioan jartzeko asmoz.

Hain zuzen, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, donostiarrek eta bisitariek Udalbatza aretoa, eskailera nagusia, Harrera gela, Gobernu Batzarraren aretoa eta prentsa aretoa bezalako gelak bisitatu ahal izango dituzte, eta beste elementu historikoak ere ezagutu.

Udaletxeko areto nagusiak laguntzarik gabe bisitatu ahal izango dira, eta nahi dutenek doako bisita gidatuetan parte hartu ahal izango dute, ezarritako orduetan.

Eraikina bisitatzeko sarrera orokorra Alderdiederreko erdiko eskaileretatik egingo da, eta ordutegi orokorra honako hau izango da: maiatzaren 1, 3 eta 4an, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 2an, 16:00etatik 20:00etara.

Taldeek 25na pertsona izango dituzte gehienez

Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek apirilaren 28ra eman dezakete izena 010 telefono zenbakiaren bidez (943 481 000 Donostiatik kanpo) eta aurrez aurre Udalinfo bulegoetan; beste bisitariek erreserbarik gabe egin dezakete bisita ezarritako ordutegiaren barruan.

Taldeek 25na pertsona izango dituzte gehienez, eta udaletxearen historia azalduko duten bisita gidatuetarako ordutegiak honako hauek dira: maiatzaren 1, 3 eta 4an, 11:30ean eta 16:00etan euskaraz eta 12:30ean eta 17:00etan gaztelaniaz, eta maiatzaren 2an, 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz.