Zeidfest Gaztea jaialdiaren eta bertara joango direnen omenaldia jasoko du AEK-k Barakaldoko BECen larunbatean, apirilaren 5ean. Hori dela eta, AEKren esku egongo da irekiera ekitaldia, eraikinaren sarrera nagusian 11:00etan.

AEK-ko iturriek jakinarazi dutenez, ateak irekitzean, bertan bildutako guztiak Kittu elektrotxarangaren konpainian sartuko dira BECen laugarren pabiloiraino.

Txarteldegiaren parean egongo da jaialdia inauguratzeko moztu beharreko zinta, eta han egingo diete ongietorria AEK-ko Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarretak eta Barakaldoko AEK-ko zuzendari Argiñe Sangradorrek. Hitzalditxo labur baten ostean, Sangradorrek zinta moztu eta ofizialki hasiko da festibala.

AEK-k bereziki eskertu du Zeidfest Gaztearen omenaldia, jaialdia "euskal musikaz, giro onean, eroso, aske eta euskaraz aritzeko gunea" delako. Hain zuzen ere, Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea da AEKren xedea, eta horretan dihardu egunero bere euskaltegietan.

Hori dela eta, AEK-k gonbitea luzatu die "gure irakasle, ikasle, mintzalagun, berbalagun eta gainerako AEKideei eta euskaltzale guztiei, euskaraz eroso bizitzeko gune horretan elkarrekin disfruta dezaten", non eta Barakaldon, Euskal Herriko gune erdaldunetako batean.

"Gogoan ditugu, batez ere, Barakaldon, Ezkerralde osoan eta, Ezkerraldean bezala, Euskal Herriko gunerik erdaldunenetan euskara ikasten ari diren ikasleak; zorionez, horien guztien ahaleginari esker, gero eta ohikoagoa delako euskaraz eroso bizitzeko guneez gozatzea", adierazi dute AEKtik.