#fEHUminista Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi ofiziala egin du Euskal Herriko Unibertsitateak gaur Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Genero ikuspegia duten UPV/EHUko 17 ikasleren lanak saritu eta berdintasunaren aldeko konpromisoagatik sei lankide omendu ditu.

Berdintasuneko arduradun berri Maggie Bullenek lehenengoz zuzendu du UPV/EHUren Emakumeen Nazioarteko Eguna. Genero harremanak eraldatzea ezinbestekotzat jo du Bullenek eta genero eraikuntza berria aldarrikatu:

“Emakumeok ez dugu gizonen ondoan segurtasun-espazio batean berdintasun-posizio bat izan nahi soilik, baizik eta era guztietako pertsonen artean eraiki nahi dugu, non edozein generotako edo ezeinetako pertsona izatea egitura horren zimenduetan dagoen, eta non kontziente garen beste faktore batzuez, eraikinaren orekarako, parekidetasunerako, harmoniarako kontuan hartu behar ditugunak: dibertsitate funtzionala, arrazakeria, lehentasun eta identitate sexuala, adina, egoera sozioekonomikoa”. Bestalde, sexu eta genero indarkeria gogoan, elkartasuna adierazi die Palestinan, Ukrainan eta munduko beste hainbat lekutan muturreko indarkeriak jasaten dituzten emakumeei.

Arabako Campuseko errektoreorde Ixone Fernandez de Labastida Medinak, CRUEren manifestuarekin bat eginez adierazi du, “aukera berdintasunak sustatzeko eta emakumeak ahalduntzeko hezkuntzan eta ikerketan lan egiteko konpromisoa dugu Euskal Herriko Unibertsitatean, goi mailako hezkuntza ezin delako neutrala izan”. Gogoratu duenez, zientzien adarretan ikasleen erdiak pasatxo (% 54) emakumeak diren arren, ingeniaritza arloak guztiz maskulinizatuta segitzen du, “10etik 3 baino ez dira emakumeak eta arrakala hori gutxitzeko lanean ari gara”. 

UPV/EHUren idazkari nagusi Leire Garmendia Arrietak itxi du Berdintasuneko eguneko ekitaldia. Aurtengo leloa gogoratuz ‘Genero arrakalari, diskriminazioei eta erasoei, aurre’. “Genero desberdintasuna ahalbidetzen duen egiturazko arazoa desmuntatu beharra” aldarrikatu du. Berdintasunean sakontzeaz gainera, deia egin du “pertsonen zaintza eta komunitatea sendotzea bermatzeko tresnak” eskuratzeko lan egiteko, “zientzia oinarri hartuta”.

Berdintasun sariak

Genero sistema binarioen eta hegemonikoen oinarriak astintzen laguntzen dituen UPV/EHUko komunitatearen lana goratzeko eguna izan da gaurkoa, “feminismotik eraiki eta eraikiko dugun unibertsitatea ospatzeko”, Maggi Bullenek azaldu bezala.