Síguenos en redes sociales:

Robert Treviñok eta Oriol Rochek Euskadiko Orkestra utziko dute

Robert Treviñok eta Oriol Rochek Euskadiko Orkestra utziko duteUtzitakoa

Euskadiko Orkestraren administrazio kontseiluak bilera egin du astelehen honetan, eta Robert Treviño orkestraren zuzendari artistikoaren titulartasunari amaiera ematea onartu du. Era berean, Oriol Rochek orkestraren zuzendaritza nagusia utziko du hurrengo hilabeteetan, Euskadiko Orkestrak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Bada, modu honetan, maisu amerikarrak zortzi urteko zikloa amaituko du Euskadiko Orkestraren buru gisa. Elkarrekin egindako lana "bizia eta emankorra" izan da, "mugarri garrantzitsuekin", hala nola nazioarteko birak egitea (estreinaldia Polonian, Parisko Theatre Camps Elyseesen edo Salzburgoko kontzertuak), grabazio diskografikoak Finlandiako Ondine etxearekin edo pandemian musika jarduera berreskuratzea.

Erabakia "norabide aldaketako prozesu baten parte" dela adierazi dute Euskadiko Orkestratik. "Ziklo artistiko bat ixten du eta berri bati ateak irekitzen dizkio, zeinak ikuspegi berriak eman behar dizkion Euskadiko Orkestraren proiektuari, musika prestakuntzak hazten eta bere ibilbide profesionala zabaltzen jarrai dezan", azaldu dute.

Era berean, Oriol Rochek orkestraren zuzendaritza nagusia utziko du hurrengo hilabeteetan. Roch izan da Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia hamar urte eta erdiz, eta, horrela, taldearen buru denbora gehien eman duen zuzendari nagusia izan da.

Proiektuari egin dion ekarpena nabarmendu da eraldaketa digitalagatik eta lan sistema berriak ezartzeagatik, baita EiTBrekin aliantza garrantzitsua egiteagatik ere, orkestraren jarduera kanpora proiektatzeko, ingurune digitalean ikusgarritasuna irabazita, nazioartean posizionamendu estrategikoa lortzearen alde.

Halaber, Rochek errepertorio musikal berria sartzen lan egin du, bai orkestrarentzat, bai publikoarentzat, "eta horrek proiektuaren hazkundean lagundu du".

Bi berrikuntzekin, Euskadiko Orkestra "aro berri batean sartuko da, musika elkartearen antolaketari modu berria emango diona, haren garapen artistikoa bultzatuta eta talde sinfonikoaren ospea mantenduta, kontzertuetan abonatutako pertsona gehien dituen Euskadiko erakunde kulturala izaten jarraitzen baitu".

Administrazio kontseiluak eskerrak eman dizkie bi zuzendariei azken urteetan Euskadiko Orkestraren zerbitzura egindako lanagatik, eta bi zuzendaritzak berritzeko lanean ari da.

Azkenik, Euskadiko Orkestrak nabarmendu du kultur arloan prestakuntza sendoa eta erreferentziazkoa duela, eta denboraldi amaierara arte diseinatuta dituen proiektu guztiekin jarraituko duela.